Une honetan aurreikusitako baldintzetan padel pistak egitea ez da bideragarria

2023ko otsailaren 15aUne honetan aurreikusitako baldintzetan padel pistak egitea ez da bideragarria

Padel pistak egiteko herritarren eskaerari erantzuteko asmoz 2021eko udal aurrekontuetan horiek egiteko diru partida bat esleitu zen. Kokalekua Kiroldegiko gaineko terraza izango zela erabakita, INJELAN enpresari proiektua enkargatu zitzaion. Lana egiteko hainbat bilera egin ostean, abenduaren 20an, eskatutakoa aurkeztu zuen.

Proiektu lanketa horretan, hainbat kontu tekniko zehazten ziren, garrantzitsuena Kiroldegi gaineko terraza hormigoiarekin indartu beharra zegoela padel pisten gainkargarengatik eta, batez ere, jarri behar zen estalkiari eusteko.

Hasiera batean aurreikusita ez zeuden lan horiek egin beharrak aurrekontua asko handitu du. Guztira, bi padel pista eraikitzeak, tenis pista berritzeak eta padel pisten gainean estalpea jartzeak, 700.000 euroko aurrekontua du. Datu horiek ikusita, une honetan, eta baldintza horietan, ezinezkoa da proiektuarekin aurrera egitea. Eskaera egin zuten herritarrei egoeraren berri eman zaie. Aztertuko dira aurrerago eskaera horri erantzuteko egon daitezkeen aukera errealak.