Zabalik da ‘Begiradak 2026’ ekimenean izena-emateko epea
2026ko urtarrilaren 28aDebako Udalak ‘Begiradak’ ekimenean parte hartzera animatu ditu herritarrak, 688 66 37 44 zenbakira deituz edo euskara@deba.eus helbidera idatziz.
Debako Udalak 2026an egitekoa den Begiradak-en parte hartzeko deialdia zabaldu du, ‘Iturri ondoan’ proiektuaren baitan kokatzen den ekimena.
‘Iturri ondoan’ programaren helburua da Debara euskal kulturaren erreferentziazko artistak eta ekitaldiak ekartzea, baita debarrek arte-sorkuntzan parte-hartze aktiboa izan dezaten sustatzea ere. Esparru honen barruan kokatzen da ‘Begiradak’ ekimena, Debako herritarrek herriko kulturan eta euskararen sustapenean parte hartzeko aukera ezin hobea.
Hamarkada bat baino gehiago da Debarrek ‘Begiradak’ ekimenean parte hartzen dutela, euren sormen-prozesu propioa landuz. Prozesu horretan sortzen dituzte argazkiak, bideoak, marrazkiak edo pinturak… Eta hauek inspirazio iturri izan daitezke beste herritar batzuek literatura-piezak egiteko, antzezlanak sortzeko edo bertsoak errezitatzeko... Proiektu honek, sormena ez ezik, euskarazko elkarrizketa eta harremanak ere sustatzen ditu, arlo desberdinetako pertsonak artearen eta literaturaren bueltan elkartuz.
Horrela, Debako Udalak debarrak gonbidatu ditu ‘Begiradak 2026’ ekimenean parte hartzera, bai irudiak sortuz, testuak idatziz, dantza eginez edo beste arte-adierazpide batzuk landuz. ‘Begiradak 2026’ aukera bat da Debako kultur bizitzan murgiltzeko eta euskararen erabileran eragiteko.
Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko, 688 66 37 44 telefonora deitu behar da edo euskara@deba.eus posta elektronikora idatzi.