Zabalik dago Tene Mujika 2025 beka eskatzeko epea

2025ko irailaren 25aZabalik dago Tene Mujika 2025 beka eskatzeko epea

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak Euskal Herriko historia hurbila sustatzeko konpromisoa berretsi dute, beste urte batez. Iaz bezala, aurten ere, 8.000€ra zabaldu da bekara bideratutako dirulaguntza.

Tene Mujika bekaren XX. ediziorako eskabideak aurkezteko epea zabaldu du Debako Udalak, Elkar argitaletxearekin batera. Deialdi honen helburu nagusia da Euskal Herriko historia hurbilarekin zerikusia duten gaiei buruzko euskarazko literatur sorkuntza sustatzea. Gainera, iaz bezala, aurtengo edizioan ere bekaren dirulaguntza 8.000 eurora zabaldu da. 

Hala, Tene Mujika beka Euskal Herrian azken 50-75 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimendu bari buruzko euskarazko lanak sortzera zuzenduta dago, hala nola biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak… Eduki aldetik, idatziak ezin du fikziozkoa izan, baina garapenean lanketa literarioa egitea posible da. Lanek, noski, orijinalak eta argitaragabeak izan behar dute.

Proiektuak aurkezteko azken eguna abenduaren 14a izango da. Parte-hartzaile bakoitzak idazlearen curriculum labur bat, proiektuaren deskribapena (3 eta 6 orrialde artekoa) eta 15 eta 20 orrialde arteko lagin bat  aurkeztu beharko ditu, posta elektronikoz euskara@deba.eus helbidera.

Sariduna epaimahai bitartez erabakiko da, Kristina Berasain, Eneko Bidegain eta Cira Crespok osatuta. Testuaren kalitatea eta proposatutako gaiaren interesa baloratuko dira nagusiki. Epaia urtarrilaren 16an jakinaraziko da eta aurkeztutako proiektuetako bat ere ez bada espero den kalitate-mailara iristen, epaimahaiak deialdia bete gabetzat emango du. 

Irabazleak urtebeteko epea izango du lan osoa entregatzeko. Hala, bekaren zenbatekoaren erdia jasoko du izendatua izatean, eta gainerakoa azken lana entregatu eta epaimahaiak onartzean. Elkar argitaletxea arduratuko da argitalpenaz, sarituarentzat ohikoak diren egile-eskubideak bermatuz.

Deialdi honek Debako Udalak eta Elkarrek kultura eta euskara sustatzeko duten konpromisoa berresten du, Euskal Herriko historia hurbila ezagutzen lagunduko duen literatura sortzea bultzatuz.