Zehar Heziketa eta Programak elkarteak kudeatzen jarraituko du Debako Gaztelekua

2026ko uztailaren 23aZehar Heziketa eta Programak elkarteak kudeatzen jarraituko du Debako Gaztelekua

Elkarteak aurkeztutako proposamena Gaztematikarekin bat datorren gizarte- eta hezkuntza-ereduagatik nabarmentzen da, baita Debaren errealitatearen ezagutzagatik eta gazteen parte-hartzearen eta lan komunitarioaren aldeko apustuagatik ere.

Debako Udalak amaitu du Gaztelekuaren eta Nerabide zerbitzuaren kudeaketa esleitzeko kontratazio-prozesua. Aurkeztutako eskaintzen balorazioa egin ondoren, Zehar Heziketa eta Programak irabazi asmorik gabeko elkartearen proposamenak lortu du puntuaziorik altuena eta horrenbestez, aipatu elkartea izango da aurrerantzean zerbitzua eskainiko duena. 

Zehar Heziketa eta Programak elkartearen proposamena  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztematika ereduarekin bat datozen planteamendu pedagogikoetan oinarritua dago eta Debako errealitatearen ezagutza, herriko sare komunitarioarekin eta udal zerbitzuekin duen lotura, nerabeekin garatutako metodologia soziohezitzailea eta gazteen parte-hartzea, prebentzioa eta komunitate-lana uztartzen dituen esku-hartze eredua jasotzen du. 

Hala, irailean martxan jarriko den kontratu berriaren bidez, Debako nerabeei kalitatezko aisialdi hezitzaileko zerbitzua eskaintzen jarraituko zaie, bai Gaztelekuan bai oporraldietan Gaztelekutik kanpo antolatzen diren jarduera berezien bidez. Gaztelekua gazteentzako topagune seguru eta erreferentziazko espazio gisa sendotuko da, hezkuntza, prebentzioa eta komunitate-lana uztartzen dituen ikuspegi integral baten bidez. Era berean, zaurgarritasun sozialeko egoeran edo babesgabetasun-arriskuan dauden nerabeei arreta espezifikoa eskaintzen jarraituko zaie Nerabide programarekin.

Lizitazioaren datu nagusiak

Debako Udalak apirilean abiatu zuen 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendutako hezkuntza- eta aisialdi-zerbitzua kontratatzeko lizitazioa. Kontratuak urteko 147.935,07 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta hasieran bi urteko iraupena izango du, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Zerbitzua Gaztelekuan eskainiko da nagusiki, eta haren bidez gazteen garapen pertsonala, soziala eta kolektiboa, autonomia, ongizatea eta herriko bizitzan parte-hartze aktiboa sustatuko dira.