Zozketa publiko bitartez esleituko ditu Debako Udalak Santiago hondartzako toldoak

2024ko ekainaren 5aZozketa publiko bitartez esleituko ditu Debako Udalak Santiago hondartzako toldoak

Guztira 150 toldo zozketatuko ditu eta horretarako izen-emate epea zabalik dago gaurtik hasita ekainaren 10a bitarte.

Uda iristear den honetan, toldo zerbitzua martxan jartzeko azken urratsak ematen ari da Debako Udala. Aurten, ekainaren 22tik irailaren 15era eskainiko du zerbitzua. Honek, toldo bat eta egurrezko bi aulki jasotzen ditu eta uda honetan, zozketa publiko bitartez esleituko da.

Izan ere, aurten, toldo zerbitzua kudeatzeko lehiaketa hutsik geratu da eta herritarrei zerbitzu hori bermatzeko asmoz, Debako Udalak 150 toldo erosi ditu, eta horiek zozketa publiko bidez esleitzea erabaki du, modu justu eta gardenean.

Izen-ematea eta zozketa

Udalak eskainiko dituen 150 toldoen zozketan parte hartzeko izena emateko epea ekainaren 5etik 10era egongo da zabalik. 18 urtetik gorako edo adingabe emantzipatu orok eskatu ahal izango du toldoa, baldin eta EBko edozein udalerritan bizi badira, eta pertsona eta bizileku bakoitzeko izen-emate bakarra egin ahal izango da.

Eskabideak aurrez aurre egin ahal izango dira, turismo bulegoan, edota ondorengo estekan, dagokion eskabide-inprimakia betez.

Zozketa ekainaren 12an egingo da, goizeko 9: 00etan, Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan. Arazo teknikoak izanez gero, eskuz egingo da zozketa, zenbakitutako bolak aterata. Emaitzak web orrian eta udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko dira egun berean, eta esleipendunek 48 orduko epea izango dute toldoaren zenbatekoa ordaintzeko.

Era berean, ordezko pertsonen zerrenda egingo da, eta, toldoak hutsik egonez gero, ekainaren 18tik aurrera deituko zaie, zerrendaren ordena errespetatuz.

Prezioak eta fidantza

Toldoak alokatzeko ezarritako prezioak ondorengoak dira:

• Toldoa lehen lerroan: 235 €

• Toldoa bigarren lerroan eta irisgarriak: 210 €

Gainera, 20 euroko fidantza ordaindu beharko da, eta denboraldia amaitzean itzuliko da, toldoa eta aulkiak egoera onean daudela egiaztatu ondoren.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ingurumena@deba.eus helbidera idatzi daiteke.

Dokumentuak

Eskaera orria (aurrez-aurrekoa)

Izen-emateko formularioa (online)

Oinarriak

Planoa