Datorren abuztuaren 5ean emango zaio hasiera III. Surfing Deba Festari. Udan ere kirolaz gozatzeko aukera zabala dagoela erakutsiko digute hainbat elkartek. Ostiraletik igandera bitarte ekitaldi ugari antolatu dituzte kolektibo hauek guztiek eta eszenatoki nagusiak Deba ibaia eta hondartza izango dira asteburu honetan zehar.
Larunbat honetan, abuztuaren 6an, Kopraixak hasiko dira Itziarren eta asteazkenera bitarte bost eguneko egitarau zabala antolatu dute auzolanean.
Aurtengo festak gainean ditugu. Beste urte batez San Roke jaiez gozatzeko aukera bikaina izango dugu Jai Batzordeak antolatu duen sei eguneko egitarau zabalari esker. Izan ere, aurten egun bat gehiago izango dute San Roke jaiek. Egitaraua turismo bulegoan dugu salgai, zezenketetarako sarrerekin batera. Eskuko programa txikiak, ordea, etxeetan jasoko ditugu berehala.
Urtero bezalaxe, iraileko bigarren larunbatean, kaleko margo sariketa ospatuko da Deban. Cárdenas fundazioaren eta Haitz-haundi margo elkartearen laguntzarekin antolatu du aurten Udalak lehiaketa honen XLVII. edizioa.
“III. Deba 100 hitzetan” literatur lehiaketa antolatu du aurten Debako Udalak Cárdenas Fundazioarekin batera. Oraingoan Debako Santa Katalinarekin zerikusia duten lanak aurkeztu beharko dituzte partehartzaileek. Hauek turismo bulegoan entregatu beharko dira 2016ko urriaren 15a baino lehen eta euskaraz edota gazteleraz sailkatuko dira.
Abuztuaren 29tik irailaren 7ra bitartean, biak barne, autobusez egingo dira Zumaia eta Deba arteko bidaiak, trenbide sarean egingo diren konponketa batzuk direla-eta. Informazio gehiago 902 543 210 telefonoan edo www.euskotren.eus helbidean.
Debako Udalak Tene Mujika bekarako oinarriak argitaratu berri ditu. XI. edizioa da aurtengoa eta, aurreko urtetan bezalaxe, Udalak Elkar argitaletxearen laguntzarekin antolatu du Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaldu eta gure literatura aberasteko helburua duen beka hau. Proiektuak 2016ko abenduaren 11 baino lehen artxiboa@deba.eus helbidera bidali beharko dira.
Mogel eta Zubi guraso elkarteekin elkarlanean, Debako Udalak aisialdirako eskaintza berria aurkeztu du 2016/2017 ikasturterako. Euskara oinarri hartuta, kultur jarduera desberdinak proposatzen dizkigute; hala nola, antzerkia, argazkigintza, sukaldaritza, idazkuntza edota irakurle taldea. Izena emateko azken eguna irailaren 16a izango da eta matrikula orria ikastetxeko idazkaritzan, turismo bulegoan edo udal liburutegian entregatu beharko da.
Eguraldia lagun, beste urte batez ospatu dugu gaur Udalak, Cárdenas fundazioaren eta Haitz-haundi elkarte artistikoaren laguntzarekin, antolatu ohi duen margo lehiaketa. 47. urteurren honetan 13 lan aurkeztu dira eta horietatik 8 izan dira sarituak. Lanak astebetez egongo dira ikusgai erakusketa gelan, irailaren 11tik 18ra hain zuzen ere.
KIMMU enpresaren barnean sorturiko GASTROKULTURALA aholkularitza gastronomikoak antolatutako Kalefood Market izeneko FoodTruck, artisau eta musika ekitaldia Deban ospatuko da asteburu honetan. Sarrera doakoa izango da eta, bertan, 10 FoodTruck, 15 artisau eta sortzaile eta zuzeneko kontzertuak egongo dira.
Debabarreneko bisitarien kopurua %11,8 hazi da udan. Bereziki atzerritarren datuak egin du gora, iaz baino %28,5 gehiago etorri baitira. Debara eta Mutrikura hurbildu diren bisitariak Euskal Kostaldeko Geoparkeak erakarrita etorri dira batez ere. Bai kostaldean bai barnealdean, ostatuen okupazio maila oso altua izan da eta %100ekoa izatera iritsi da abuztuan. Eskualdeko sustapen turistikoaz arduratzen den Debegesa garapen agentziak laster izango du prest turismoaren Plan Estrategiko berria 2016-2020 eperako.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak gordetzen duen ondare naturala eta biodibertsitatea ezagutzera emateko asmoz, larunbaterako eta iganderako bisita gidatuak eskainiko dira aldi berean Mutrikun, Deban eta Zumaian, marearteko zabalgunea eta flyscha deskubritzeko gonbidapena eginez. Erreserbak dagoeneko egin daitezke geoparkea.com webgunearen bitartez.
Kalefood Market izeneko foodtruck, artisau eta musika ekitaldia bertan behera gelditu da, beste behin, antolatzaileek adierazi digutenaren arabera.
Hemen dugu irailaren 23 eta 24an Deban ospatuko den Euskal Jaiko egitaraua! Urtero bezalaxe, Zuhatza Euskara Elkarteak eta Debako Udalak denon gustukoa izatea espero den egitarau zabal bat prestatu dute iraileko azken larunbat honetarako: musika, dantzak, taloak, erromeria, bazkari herrikoia eta VI. Marmitako lehiaketa.
Aurreko bi urteetan bezalaxe, Eibarko Urbat Igeriketa Kirol elkarteak Flysch beltza igeri zeharkaldi bikoitza antolatu du irailaren azken larunbaterako. Kirol proba honen hirugarren edizio hau hilaren 24an ospatuko da eta izena kirolprobak.com helbidean eman beharko da irailaren 22a baino lehen.
Jose Luis Aperribai, Juan Ignacio Aizpurua eta Einer Rodriguez Ponce argazkilarien lanak biltzen ditu Begirada desberdinak argazki erakusketak. Hauek Agirre Jauregiko erakusketa gelan egongo dira ikusgai irailaren 23tik urriaren 2ra bitartean.
Atzo, irailak 25, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ospatu ziren. Deban % 67.03ko partaidetza izan genuen bozka ematerako orduan.
Debara ere iritsi da Ibar Oihar: Deba arroan eginiko soinu- eta kultura-ikerketa herritarren eskura jartzen duen modulu-erakusketa. Cristina Enea Fundazioak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak sustatutako egitasmo hau AudioLab kolektiboak garatu du, 2015ean zehar Deba ibarrean eginiko landa-lan baten bidez. Erakusketa honek pilatutako material eta erregistro esanguratsuenak biltzen ditu eta Debako Udaletxeko sarreran egongo da hilaren 20ra arte.
Debako Beldur Barik lehiaketarako deialdia zabaldu berri du Deba Udaleko berdintasun sailak. Emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerari aurre egiten dioten arte adierazpen mota oro onartuko dira. Lehiaketan 12tik 16 urtera bitarteko gazteak aurkeztu ahal dira eta epea azaroaren 9an amaituko da.
2016ko bigarrengo seihilekotik aurrera zaborren ordainagiriek %12,47ko igoera jasango dute.