Estalitako Pasealekuan daude ikusgai Haitz-haundi elkarte artistikoak prestatu dituen azken margolanak. Mikel Laboa, Maialen Lujanbio, Frida Kahlo eta Xabier Leteren erretratuek osatzen duten erakusketa bat da. 25. urteurrena ospatzeko Debako herriari egindako oparia da eta apirilaren 22an inauguratuko dute.
Udalak Santa Katalina ermita eta haren lursailek osatzen duten 63.468 m²-ko lurzatia erosi berri du 30.000 euroan. Gaur goizean sinatu da eskritura Zarauzko notaritzan. Udalak eskerrak eman nahi dizkio Alfonso del Valle Lersundiri, urte hauetan guztietan azaldu duen laguntza eta borondate onagatik.
Deban Kolorez Blai udalekuak izango ditugu uztailean zehar. Izen-ematea maiatzaren 10etik 23ra bitartean egin beharko da. Informazio gehiagorako deitu 943 19 13 83 telefonora edo idatzi koloreanitz@gmail.com helbidera.
2017/2018 ikasturterako Deba Musikalen matrikulatzeko epea datorren astelehenean zabalduko da. Interesatuek ekainaren 16ra arte izango dute eskolak eskaintzen dituen ikastaroetan izena emateko aukera.
Debako Udalak I. mural / grafiti sariketa antolatu du, modalitate hauetako sortzaileei Estalitako Pasealekuan ezarri nahi diren paneletan esku hartzeko aukera luzatzeko helburuarekin. Interesatuek izen-emate orria bete eta behean eskatzen den dokumentazioarekin batera, udaletxera helarazi beharko dute ekainaren 16a baino lehen.
Tarinok maiatzaren hirugarren igandean ospatzen dugu geure eguna: Debarren Eguna. Aurten, hilaren 21ean izango da egun handia, baina berau ospatzeko hainbat jarduera antolatu dira maiatzaren 19 eta 21a bitarte.
2017-2018 ikasturterako matrikulazio epea zabalik da Arte Eskolan. Harlanketa, zurlanketa, zeramika, brontze galdaketa artistikoa edota grabatu kalkografikoa bezalako espezialitateak landu daitezke bertan.
Europako Geoparkeen Astearen baitan, maiatzaren 27an Euskal Kostaldeko Geoparkearen ekimenez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Geoparkeko kostaldearen garbiketa egingo da auzolanean.
Maiatzaren 19tik ekainaren 4ra egingo da zazpigarren aldiz Europako Geoparkeen Astea; Europan dauden geoparke guztiek parte hartuko dute egitasmo honetan herritarrentzat ekitaldi ugari eskainiz, tokian tokiko ondarea ezagutarazi eta babesteko mezua helaraziz.
Atzo, ostiralez, Euskal Kostaldeko Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera egin zuen Deban. Bileran Geoparkearen plan estrategikoaren berri eman zitzaien batzordekideei eta batzordearen beraren garrantzia azpimarratu zen.
Europako Geoparkeen Astearen baitan, larunbatean, hilak 27, labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa egingo da boluntarioekin Deba-Zumaia Biotopoan. Garbiketa lanetan helikopteroa eta kamioia erabiliko dira eta Elorriagako atsedenlekua goizean itxita egongo da bisitarientzat.
Maiatzaren 26tik ekainaren 4ra bitarte mota guztietako antzezlanak izango ditugu Deban, Antzerki Astearen baitan. XXXI. edizio honetan ere, euskarazko zazpi ikuskizun taularatuko dituzte talde profesional zein amateurrek.
Cuatro telebista katearen Volando Voy saioa grabatzen aritu dira Geoparkean. Filmatutako irudiak herritarrekin partekatzeko jaia antolatu dute igande honetarako. Ikustera joateko interesa dutenek beren irudiak grabatzeko baimena sinatu beharko dute lehenago.
Debako Udalak behin betiko onartu zuen otsaileko ohiko bilkuran bigarren mailako landa-bide publikoen inbentarioa eta orain web orrian dago ikusgai.
Debako Udalak herriko memoria historikoaren berreskurapen eta ikerketa proiektua jarri du martxan. Aranzadi Zientzia elkartearen proposamena aho batez onartu zen azken ohiko bilkuran. Egitasmoak 42.350 euroko kostua izango du eta 2017-2019 urteen artean gauzatuko da.
Debako Udalak Tene Mujika bekarako oinarriak argitaratu berri ditu. XII. edizioa da aurtengoa eta, aurreko urtetan bezalaxe, Udalak Elkar argitaletxearen laguntzarekin antolatu du Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaldu eta gure literatura aberasteko helburua duen beka hau. Proiektuak 2017ko abenduaren 11 baino lehen artxiboa@deba.eus helbidera bidali beharko dira.
Uda Kirola 2017 programa prest da etxeko txikienen gozamenerako. Surf, body board, piraguismo eta xake ikastaroen eskaintza zabala prestatu du udal kirol zerbitzuak aurtengo udarako. Izen-ematea turismo bulegoan egin behar da. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, deitu 943 19 24 52 telefonora edo idatzi turismoa@deba.eus helbidera.
Debako Udalak antolatutako I. mural / grafiti sariketako finalistak hautatzeko ordua iritsi da. Herritarrok izango dugu azken hitza. Asteburu osoan zehar aurrez aurreko bozka emateko aukera Agirre jauregiko erakusketa gelan eta ekainaren 30era bitarte Udalaren web orriaren bitartez.
Aurtengo udarako robotika tailerrak antolatu dituzte eskualdeko udalek, Debegesaren laguntzarekin. Egitasmo honen helburua Debabarreneko haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea da. Interesatuek www.gazterobotika.eus webgunean eman dezakete izena.
Bihar, uztailak 1, “Tentazioak” izeneko arte erakusketa inauguratuko da 12:30ean Santa Maria elizako klaustroan. XIII. edizio hau berezia izango da; hemezortzi artisten lanak egongo baitira ikusgai uztailean eta abuztuan zehar.