Etxeko kontsumoa tarifa elektriko berrietara egokitzen ikasteko saio praktikoa Deban

2023ko azaroaren 7aEtxeko kontsumoa tarifa elektriko berrietara egokitzen ikasteko saio praktikoa Deban

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Debako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxeko kontsumoa tarifa elektriko berrietara nola egokitu ikasteko eta hortik abiatuz erabaki egokiak hartzeko balio duen tailerra antolatu du azaroaren 15ean, 18:30tan, Debako kultur elkartean. Saioa euskaraz izango da.

Jakin badakigu kontsumo datuak ezagutzea (zenbat kontsumitu dugun edo noiz izan dugun kontsumo mailarik altuena) ezinbestekoa dela kontsumo hori murrizteko, aplikatzen zaigun tarifa egokitzeko eta kontratatuta dugun potentzia egokia ote den egiaztatzeko. Tarifa elektriko berriekin, honek berebiziko garrantzia du, izan ere, efizienteagoak bagara, kontsumoa murriztuz, eta gure kontsumoak modu egokian banatzen baditugu, aurreztu egingo dugu eta energia berriztagarriak sustatuko ditugu. Tailer honetan herritarrei erakutsiko zaie hori nola egin, zehazki hiru gai hauek landuz: nola eskuratu norberaren argindar kontsumoaren datuak; nola murriztu eta birbanatu kontsumoa, ondoren tarifarik egokiena aukeratzeko; eta nola egiaztatu kontratatuta daukagun potentzia dela benetan behar duguna.

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, azaroaren 10a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke: 

·       Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus

·       Honako telefono zenbakira deitzea: 628-532-303 (astelehenetik ostiralera. Ordutegia 9:00-18:00)

·       Informazio osagarria: www.argitu.eus 

Energia Argitu programaren helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Jasangarritasun Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2023ko udazkenean zehar egingo diren prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:

·       Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!

·       Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!

·       Komunitate Energetikoak: zer dira eta nola funtzionatzen dute.

·       Jakin ezazu zein den berokuntza sistemarik egokiena zure etxebizitzarako (Berria)

·       Energia Argitu kit kanpaina: kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto-diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz,  faktura energetikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.

Energia Argitu da Gipuzkoako Eraldaketa Energetikoko Bulegoak bultzatuko duen jardueretako bat. Bulego hori Europar Batasuneko Next Generation EB funtsek finantzatzen dute, eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) kudeatzen ditu, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betez.