2019-2023 Gobernu Planaren betetzearen gaineko balorazio ona egin du Udal Gobernuak

2023ko martxoaren 13a2019-2023 Gobernu Planaren betetzearen gaineko balorazio ona egin du Udal Gobernuak

2019ko udazkenean aurkeztutako 2019-2023 Gobernu Plana eragile eta herritarrengandik jasotako beharretatik osatu zuen Udal Gobernuak, guztira 100 neurri zehaztuta.

Pertsonak erdigunean jarriz eta euren bizi kalitatea hobetzeko asmoz bost ardatz nagusi definitu ziren: Udal Antolaketa, Gizarte Politikak, Tokiko Garapena, Kultura eta Herri Ondarea, eta Berdintasuna eta Partaidetza.

Urtez urte 30 neurri inguru aukeratu eta balorazioa egin du Udal Gobernuak. Eta agintaldia bukatzeko hilabete batzuen faltan, balorazio orokorra egin nahi izan du.

Gilen Garcia Boyra Alkatearen hitzetan, “oro har, oso positiboa da balantzea. Kontuan izanda legealdia hasi eta 9 hilabete igarotzerako pandemia hasi zela eta ia urte eta erdiz udalerriko dinamika ez zela ohikoa izan, uste baino ekimen gehiago egin ahal izan dira azkenean”.

2019ko udazkenean planaren aurkezpena egin zenean aipatutako ideiak ere ekarri ditu gogora Alkatea: “Deba etorkizunera begira jarri nahi genuela esan genuen, herriari kolorea eman eta bidea elkarlanean oinarritu. Uste dut horiek egin ditugula eta une honetan udalerri hobeago baterako eta debarren ongizatean hobetzeko oinarri sendoak ditugula”.

Orotara 100 neurrietatik 79 egin edo jarri dira martxan. Gainontzekoak baloratzea eta eguneratzea da Udal Gobernuaren asmoa. Aurreikusita dauden Etxebizitza Planak eta Azterketa sozio-ekonomikoak emandako emaitzen arabera egokituko dira, pixkanaka gauzatzen joateko.

Gainera, Gobernu Planean aurreikusi ez ziren bestelako lanak ere egin dira; hala nola, irisgarritasunari edo mugikortasunari dagozkienak (Miramar pareko semaforoa, aparkaleku eta zebra-bideen margotzeak, asfaltatze lanak, …), berdeguneen zaintza zerbitzuaren kontratazioa eguneratzea, Merkataritza Berrindartzeko Udal Plan Berezia, hilerri berriko ordenantza, pandemiako ez-ohiko zerbitzuak eta lanak (zaintza sarea, hezkuntza zaintza-sarea, aterpetxea pertsona zaurgarrienentzat egokitzea, desinfekzio lanak, …), ondareari lotuta Deba eta Mutriku arteko zubiaren interpretazio gunea eta elizako organoaren konponketa.