“Gardentasuna eta parte hartzea dira lehen sei hileko honetan gobernuaren jardunaren ezaugarri nagusiak”

2019ko abenduaren 12a“Gardentasuna eta parte hartzea dira lehen sei hileko honetan gobernuaren jardunaren ezaugarri nagusiak”

Gobernuan sei hilabete beteko ditu aurki Debako gobernu taldeak. Hori aintzat hartuta eta urtea amaitzear dela, herritarrekiko informaziorako duen konpromisoari eutsiz, balorazioa egin eta aurkeztu du gaur. Gilen Garcia alkatearekin batera, Itziar Irizar eta Aritz Larrañaga alkate ordeek parte hartu dute udaletxean egindako prentsaurrekoan.

Gilen Garcia alkateak argitu du, lehenik, balorazio ekonomikoa aurrekontuak osatzeko prozesuaren baitan egingo dela. 

100 egun bete genituenean, esan genuen aurrera begirako lana behar bezala egiteko oinarri sendoak jartzeko helburuarekin aritu ginela. Bada, esan dezakegu horretan urratsa eman dugula. Azaroaren 21ean aurkeztu genuen gobernu plana horren adierazgarri”, esan du alkateak. 

Antolaketan urrats polita egin dela esan du. Gobernu planean jasotako bost ardatzen araberako balorazioa egin dute. Udal antolaketaren barruan eta udaletxe barrukoari dagokionez, nabarmendu du langileekiko koordinaziorako eta informazio gardentasunari lotuta egin den apustua. “Koordinazio egokirako bideak jartzen hasi gara, finkatzen joango direnak denborarekin. Eta informazioa zuzenean emateko eta haiek ekarpenak egiteko aukera ere ematen hasi gara”.

Ardatz honetan kanpora begirakoetan, “dudarik gabe aipagarriena da Itziarko Auzo Udalarekiko afera bideratu izana. Koordinazio batzordea normaltasunez ari da lanean”. Informazioaren gardentasunari begira nabarmendu du “udala egiten ari den ahalegina. Tresna desberdinen bitartez herritarrei eskura jarri zaie zuzeneko komunikazioa, adibidez, Debaberri Kultur Agendarekin”.

Gizarte politiketan, Aritz Larrañagak pertsona helduei eragiten dien bat nabarmendu nahi izan du, alegia, “zahar etxean taberna zerbitzua esleitu eta martxan jarri izana. Garrantzitsua iruditzen zaigu adin tarte honetan pertsona gero eta gehiago dagoenez, behar dituzten zerbitzuak eskaintzea”.

Nabarmendu du, halaber, lehen aldiz elkartasun azoka egin izana. Arrakastatsua izateaz gain, balorea duena elkarte guztien elkarlanarekin egin delako eta egiten duten lana herritarrei erakusteko modua izan delako.

Bestetik, “eta ez garrantzia txikiagokoa, larrialdi egoeran dauden pertsonak artatzeko etxebizitzari dagokiona da. Kudeaketa eginda, epe laburrean egongo da erabiltzeko moduan. Pertsona hauen egoera berezia dela eta, ahalik eta lasterren egiteko ahalegina egin da, pertsonak behar bezala zaintzeko egiten dugun apustuari jarraituz”. 

Kultura eta herri ondarearen ardatzari dagokionez, Debako historia soziala berreskuratzeko egiten ari den ahaleginean urrats berria eman izana nabarmendu du, DVDarekin. Debako udalak antolatu ez, baina lagundu dituenak ere aipatu ditu. “Animadeba jaialdia nazioarteko animazio zinemaldia bihurtu izanak, herriari ikusgaitasuna eman dio. Oso balorazio ona izan du, gainera. Arrakastatsuak izan dira, halaber, bi urtean behin egiten den folklore jaialdia eta Kultur Elkarteak antolatutako jazzaldia”.

Bestetik, “inportantea da udal bezala beste egitura batzuetan parte hartzea eta elkarlana sustatzea inguruko administrazioekin. Horren adibide, Geoparkearekin egindakoak. Pinakulu karst-aren begiratokia bukatzen ari da une honetan”. 

Itziar Irizarrek, tokiko garapenaren alorrean berriz, lehenik hilerri berriko obra aipatu du. “Jadanik ezaguna guztientzat gaiarekin egin behar izan den kudeaketa, energia handia kontsumitu duena, baina bideratzen ari gara eta espero dugu epe laburrean bere onera etortzea, horretarako gestioak egin ditugu eta egiten ari gara, Ura agentziarekin...”.

Bestalde, baserri bideen erabilera arautzeko herritarrekin hainbat bilera egin dira, Auzo Udalarekin batera, ekarpenak jasotzeko. PERCO berria egiteko oinarriak jarri, esleipena egin eta datorren urtean egingo da.

Hainbat ekimenetan gauzatzen ari den parte hartzeaz gain, “propio hasi gara lantzen parte hartzeari dagokion gaia. Une honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremana egin ondoren, parte hartze batzordea sortzear da. Lehen bilera gaur bertan egingo da”. 

Pertsonen arteko berdintasuna errealitate izan dadin lan egiten ari gara, halaber. Ildo honetan kokatu behar dugu Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun plana. Lehen plana 2011n amaituta, balorazioa egin da eta bigarrena abiatzeko lanean ari gara. Partekatu da jada udal barruko hainbat teknikariekin eta herritarrei ere iritzia emateko aukera eman zaie galdetegi baten bitartez”.