“LGTBI kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina” aitortu dute adierazpen baten bitartez Debako udalak, Itziarko Auzo Udalak eta hainbat elkartek

2020/06/26
Debako udalbatzako alderdiek; EH Bilduk, Debarren Ahotsak eta EAJ-PNVk; Itziarko Auzo Udalak eta Burugorri Martxan Auzo Elkartea, Lizarbe Guraso Elkartea, Andutz Biltokia, Debako Talde Feminista eta Egiten udalerriko taldeek adierazpena izenpetu dute ekainaren 28aren testuinguruan. LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da igandean, hilaren 28an. Udaletxeko balkoian ikurra jarriko da ostiral arratsaldean eta Mugimendu feministak antolatuta elkarretaratzea egingo da igande eguerdian.

Konfinamendu garaian kolektibo hauek bizi izan duten egoera salatzen du dokumentuak, eta dio: “erakundeetatik pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBI bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izan ditzaten. Covid-19aren garaian ere egin behar dugu: krisia ezin da aitzakia izan inor atzean uzteko. Garaiz gaude 'normaltasun berri' hori garai berri bat izan dadin, euskal jendarte errespetuzkoago, justuago, duinago eta askeago baterantz aurrera egiteko aukera bat ere izan dadin”.

Horregatik, ekainaren 28 honetan aitortu nahi dugu LGTBI kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina Euskal Herrian: garai zail hauetan, pertsonen eta gure herriaren emantzipaziorako erreferente direla erakusten jarraitzen dute”.

Era berean, Udal honek LGTBI pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa berretsi nahi dugu. Adierazpenetatik haratago, gure konpromisoa politika zehatzetan islatu behar da, bakoitzak bere giza baliabide, baliabide tekniko eta ekonomikoekin: mugimendu feministako eta LGTBI mugimenduko ordezkari eta adituekin adostu behar diren politikak”.

Adierazpenean jasota dauden hainbat konpromiso ere hartu ditu Debako udalak.