2025eko Euskaraldirako dinamizatzaile bat kontratatuko da Deban

2024ko azaroaren 26a2025eko Euskaraldirako dinamizatzaile bat kontratatuko da Deban

Egonaldi baterako kontratazioa izango da, 2025eko urtarriletik ekainera bitartekoa eta egunean 4 orduko lanaldiarekin. Eskabideak abenduaren 8ra bitarte aurkeztu ahal izango dira, Lansarearen webgunearen bidez edo posta elektronikoz, jon@topagunea.eus helbidera idatziz.

Datorren urteko maiatzaren 15etik 25era ospatuko den Euskaraldiaren laugarren ediziorako dinamizatzaile bila dabil Debako Udala eta horretarako, Topagunearekin hitzartutakoarekin bat, dinamizatzaile hori kontratatzeko prozesua zabaldu du Euskaltzaleen Topaguneak. 

Hautatutako pertsonak Debako Euskaraldiaren jarduerak koordinatu eta dinamizatzeko ardura izango du, euskararen erabilera sustatzeko funtsezko ekintza baita Euskaraldia. Hala, kontratazioa aldi baterakoa izango da, egunean 4 orduko lanaldiarekin, eta kontratuak sei hilabeteko iraupena izango du, 2025ko urtarrilaren 7tik ekainaren 6ra arte.

Kontratatutako pertsonaren eginkizun nagusiak Euskaraldiarekin lotutako jarduerak antolatzea eta zabaltzea izango dira, baita parte hartzen duten taldeekin koordinatzea ere, herritarrek Euskaraldian duten inplikazioa sustatzeko.

Kontratatutako pertsonak bete beharreko baldintzak

Lanpostua betetzen duen pertsonak, ondorengo baldintzak bete beharko ditu:

  • Euskararen ezagutza: Ulermen eta ahozko adierazpen maila altua behar da, lanpostuak euskarazko etengabeko komunikazioa baitakar.
  • Deba eta inguruak ezagutzea: Positiboki balioetsiko da dinamizatzailea Debakoa edo ingurukoa izatea, edo, bestela, herria zein ingurua ondo ezagutzea.
  • Kudeatzeko eta komunikatzeko gaitasuna: Jarduerak koordinatzeko, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta komunikazioa kudeatzeko gaitasunak baloratuko dira (sare sozialak, bideoak sortzea, webguneak kudeatzea, diseinua, ofimatika...).
  • Ordutegi-malgutasuna eta autonomia-maila handia: Ezinbestekoa da eskatzaileak gidabaimena eta bere ibilgailua izatea, eta dinamizazio-prozesuaren bilakaeraren arabera, ordutegi malgua izatea.

Eskabideak aurkezteko epea

Interesdunek abenduaren 8a bitarte egin ahal izango dute lanposturako eskabidea, bi modutara: Lansarearen webgunearen bidez edo jon@topagunea.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.

Lanpostuaren betekizunei, eginkizunei eta izena emateko prozesuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Lansarearen webgunean kontsultatu ahal izango da deialdia.