Abian da Debako I. mural / grafiti sariketa

2017ko maiatzaren 29aAbian da Debako I. mural / grafiti sariketa

Debako Udalak I. mural / grafiti sariketa antolatu du, modalitate hauetako sortzaileei Estalitako Pasealekuan ezarri nahi diren paneletan esku hartzeko aukera luzatzeko helburuarekin. Interesatuek izen-emate orria bete eta behean eskatzen den dokumentazioarekin batera, udaletxera helarazi beharko dute ekainaren 16a baino lehen.

Debako Udalak I. mural / grafiti sariketa jarri du martxan, herrian arte garaikidea sustatzeko helburuarekin. Zehatzago esanda, Debako espazio publikoen itxura hobetzea lortu nahi da, hauek erakargarriago eginez eta bide batez, kultur jarduerei bide emanez. Hori horrela, lehiaketa honen bitartez, mural, grafiti, urbanart, streetart eta antzeko modalitateetako sortzaileei Estalitako Pasealekuan ezarri nahi diren hainbat paneletan esku hartzeko aukera luzatu nahi die Udalak.

Sariketa honetan bi fase bereizi izango ditugu; batetik, parte hartzeko interesa erakusten duten artistek euren proiektuaren zirriborro bat aurkeztu beharko dute ekainaren 16a baino lehen eta aurkezten diren bozeto horien artetik epaimahaiak hamar pertsona edo talderen lanak hautatuko ditu sormen, originaltasun eta kalitate irizpideei jarraiki. Herritarrok ere izango dugu zeresana, ordea; epaimahaiak hautatutako horietatik lau finalista aukeratuko baitira herri-bozketa baten bitartez. Azkenik, lau irabazleek 2017ko uztailaren 16an egingo den jendaurreko ekitaldian gauzatu beharko dituzte euren lanak, Udalak jarriko dizkien 3,60 x 2,40 metro inguruko paneletan; betiere, aurkeztutako bozetoetara lerratuz.

Oinarriak

Deialdia 16 urtetik gorako guztiei egiten zaie eta indibidualki nahiz taldean (crew modura) har dezakete parte. Horretarako, interesa dutenek izen-emate orria bete beharko dute eta, aurrerago azaltzen den dokumentazioarekin batera, udaletxera bidali beharko dute; postaz (Debako Udala – Portu kalea 1, behea – 20820 Deba) edo Udalaren web orriaren bitartez.

Izena emateko epea 2017ko ekainaren 16an, ostirala, bukatuko da (eguerdiko 14:00etan).

Inskripzio orriarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

  1. Egin nahi den proiektuaren zirriborroa (teknika, neurriak ...), A3 tamainan, .jpg edo .pdf formatuan eta, gehienez ere, 150ppp-ko erresoluzioarekin.

    Gaia librea izango da, artista bakoitzaren ikuspegi pertsonalaren araberakoa (baina Debako historiarekin, paisaiarekin, ohiturekin … lotutakoak aintzat hartuko dira).

  2. Partehartzaileek edo taldeek lehendik eginda dauzkaten muralen/grafitien/lanen argazkiak (gutxienez, hiru).

  3. Parte hartzailearen edo, bere kasuan, taldeko kide bakoitzaren NANaren fotokopia.

  4. Debako Udalari zuzendutako agiria, sariketara aurkeztutako obrak osorik edo partzialki argitaratzeko, erreproduzitzeko edo zabaltzeko baimena emanez eta hortik eratorritako edozein motatako erreklamaziori berariaz uko eginez, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak (Jabetza Intelektualaren gaineko Legearen testu bategina onartzen duenak) agindutako terminoetan, egileak edo taldearen ordezkariak sinatuta.

  5. Debako Udalari zuzendutako agiria, aurkeztutako lanak sariketaren finaleko fasean edo egoki iritzitako beste edozein erakusketatan erakusteko baimena emanez, egileak edo taldearen ordezkariak sinatuta.

  6. Artisten zinpeko deklarazioa, aurkeztutako lana originala eta argitaragabea dela ziurtatzen duena.

Behin izena emateko epea itxita, epaimahaiak hamar bat lan aukeratuko ditu kalitate artistikoa, originaltasuna eta onarrietan bildutako betebeharrekiko egokitzapenak erabiliz irizpide modura. Aldi berean, deialditik kanporatuta geratuko dira genero bortizkeriaren edo edozein motatako biolentziaren apologia egiten duten bozetoak; baita eduki politikoa, arrazista, sexista, xenofoboa … dutenak ere; beste artista batzuen lanen plagioak eta beste lehiaketa edo sariketetan saritutako lanak.

Dena dela, epaimahaiak hutsik laga ahal izango ditu sariak, aurkeztutako proposamenek baldintza egokirik betetzen ez dutela uste badu.

Esan bezala, uztailaren 16an egingo da jendaurreko ekitaldia eta hautatuak izan diren lau finalistek goizeko 9etatik arratsaldeko 7etara bitartean gauzatu beharko dituzte euren lanak Udalak eskura jarritako paneletan. Gainontzeko materiala (margoak, espraiak, eskilarak...), aldiz, partaideek beraiek ekarri beharko dute; baina horretarako Udalak 150€ emango dizkie.

Azkenik, lana zuzen exekutatu eta amaitu dela ziurtatuko du epaimahaiak eta artistek 1.000 euroko ordaina jasoko dute.

Debako I. mural / grafiti sariketako oinarriak osorik ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.