Abian da ISPILU(h)ARI kultur programaren urteko lehen hiruhilekoko egitaraua

2026ko urtarrilaren 14aAbian da ISPILU(h)ARI kultur programaren urteko lehen hiruhilekoko egitaraua

Ohiko moduan, kultur ekitaldi desberdinak antolatu dira, adinaren arabera banatuta: txikiei, hau da, 12 urtetik beherakoei eskainitako ekitaldiak batetik, eta helduei, 12 urtetik gorakoei, zuzendurikoak bestetik. Lehen emanaldia Pulcinella Txio-Txinela txotxongilo-antzerki saioa izango da, kasu honetan helduei zein txikiei zuzenduta; 12 urtetik gorakoentzat urtarrilaren 17an eskainiko da eta txikientzat hilaren 18an. Horrez gain, martxoa bitartean bertso antzerkia edota poesia ekitaldia eskainiko dira helduentzat eta musika jolasak edota antzerkia eta umorea uztartzen dituen pailazo ekitaldia umeentzat.

Ispilu(h)ari kultur programak jarraipena izango du 2026an eta horren harira, Debako Udalak urtarriletik martxora bitarte kultur-programa honen baitan jasotako proposamenak aurkeztu ditu. 

Ispilu(h)ari Debako herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen bidez proposatu eta aukeratutako ekimena da eta helburua da urte osoan zehar kultur jarduera egonkorra eskaintzea. Hala, joan den urteko urrian ekin zion Debako Udalak programa honi eta oraingoan, urteko lehen hiruhileko kultur proposamenak aurkeztu ditu, ohiko moduan, haur zein helduei zuzendurikoak. 

Helduentzako programazioa: umorea, poesia, antzerki kritikoa eta txotxongiloak

Helduentzako antolatutako ekitaldiek (12 urtetik gorakoak) Ispiluen Gelan eskainiko dira eta umorea, konpromiso soziala, musika eta poesia uztartzen dituzte. Saio guztiak 18:00etan izango dira.

Zikloa urtarrilaren 17an hasiko da, Zurrunka Teatroren "Pulcinella Txio-Txinela" txotxongilo ikuskizunarekin. Umorez eta erritmoz betetako pieza honek bizitzeko moduari buruz hausnartzera gonbidatzen du ikuslez, askatasuna, sormena eta benetakotasuna defendatuz, baita eguneroko zailtasunen aurrean ere. Zuzeneko musikaz lagunduta egongo da emanaldia eta amaieran, txotxongiloaren arteari buruzko solasaldia eskainiko da.

Otsailaren 21ean, "Itzal(iko) Bagina" bertso-antzerkia izango da protagonista, egungo sistema individualistari kritika egitea helburu. Proposamen honek generoa, osasun mentala edo familia bezalako gaiak ikuspegi kritiko eta poetikotik jorratzen ditu, eta itzalak, proiekzioak eta kolorez betetako irudiak baliatzen ditu eszenaratze zaindu baten bidez.

Azkenik, martxoaren 14an, programazioari amaiera emango zaio "Promesa berdina egin diegu lagun guztiei" lanarekin. Poesia, performancea eta umorea uztartzen dituen ikuskizun honek bi aktore ditu protagonista, adiskidetasuna ikuspegi ezohiko batetik ospatzen dutenak, aurrez pentsatutako ideiak zalantzan jarriz eta ikusleen sentsibilitatea hurbiltasunez, kontraesanez eta galdera irekiez interpelatuz.

Haurrentzako programazioa: jolasean gozatzeko eta ikasteko kultura

Era berean, txikiei (12 urtetik beherako haurrei>) eskainitako programa ere Ispiluen Gelan eskainiko da, arratsaldeko 17:30ean. 

Lehen hitzordua urtarrilaren 18an izango da, "Pulcinella Txio-Txinela" ikuskizunaren haurrentzako bertsio egokituarekin. Bertan, pertsonaia ezagunak txikiekin konektatzen du zuzeneko musikaren eta umorez betetako egoera samur eta dibertigarrien bidez.

Otsailaren 22an, Xabier Lizaso pianistak "Txuri beltza da ta...!" proposamena aurkeztuko du. Musika klasikoa, jolasa eta parte-hartzea uztartzen dituen saio interaktibo honetan, haurrek esperientzia dinamiko eta dibertigarri batez gozatuko dute.

Azkenik, martxoaren 15ean, Ekain pailazoak "Ekain Pailazoa" ikuskizuna eskainiko du. Zirku giroko ikuskizun honek malabareak, umorea eta publikoarekin interakzioa biltzen ditu, familian gozatzeko sorpresaz beteriko ikuskizun batean.

Debako Udalak herritarrei kultur programazio honetara hurbiltzeko gonbita luzatzen zaie, antzerkiaz, musikaz eta poesiaz gozatzera.