Abian dira debarrek aurrekontu parte-hartzaileen bidez erabakitako lehen proiektuak

2026ko urtarrilaren 23aAbian dira debarrek aurrekontu parte-hartzaileen bidez erabakitako lehen proiektuak

Udalak debarrek aukeratutako bost proiektu gauzatuko ditu, joan den urtean lehen aldiz udalerrian egindako aurrekontu parte-hartzaileen ekimenaren baitan. Kioskoko bainuen konponketa, ibaiko eta hondartzako eremuan iturriak jartzea, gimnasioan hobekuntza orokorrak egitea, inauterietan antolatuko den erromeria eta urteko kultura egitarauaren proposamena izango dira 2026an exekutatuko diren proiektuak.

Debako Udalak aurrekontu parte-hartzaileen prozesutik sortutako lehen proiektuak exekutatuko ditu 2026an zehar. Aurrekontu parte-hartzaileen ekimena aitzindaria da, eta lehen aldiz garatu zein iaz udalerrian, herritarrak udalgintzan eta baliabide publikoen kudeaketan zuzenean inplikatzeko helburuz. 

Tresna horri esker, Debako herritarrek udalerria hobetzeko proiektu zehatzak proposatzeko, baloratzeko eta bozkatzeko aukera izan zuten, herritarren eta administrazioaren arteko erantzunkidetasun, gardentasun eta lankidetza ariketa batean.

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua 2025eko urtarrilean hasi zen, eta parte-hartze handia izan zuen fase guztietan. Guztira, 438 proposamen jaso ziren, eta horietatik 33 hautatu ziren bozketa faserako. Azkenik, 600 pertsonak baino gehiagok bozkatu zuten beren proposamen gustokoenaren alde, eta, guztira, 6 proiektu aukeratu zituzten.

Bost proiektu egingo dira 2026an

2026ko aurrekontuari dagokion exekuzioaren lehen fase honetan, herritarrek bozkatutako sei proiektuetatik bost eramango dira aurrera:

  • Kioskoko bainuak txukuntzea (50.000 €): Esku-hartze honek kioskoaren ondoan dauden bainuen hobekuntza aurreikusten du, irisgarriak eta erabiltzaileen beharretara egokituak izan daitezen. Horretarako aukera desberdinak aztertzen ari da Udala. 

  • Iturriak jartzea hondartzako eta ibaiko pasealekuan (3.000 €): Edateko ur-iturri berriak jarriko dira aipatu guneetan, jende asko pasatzen den ibilbide hauetan, erabiltzaileei erraztasunak eskaini eta horien artean ohitura osasungarriak sustatzeko, batez ere joan-etorri handiko eremuetan. 

  • Erromeria inauterietan (16.856 €): Inauterietan erromeria herrikoia antolatuko da.

  • Kontzertuen urteko programazioaren proposamena - Ispilu(h)ari (17.344 €): Joan den urrian hasitako kultur programazioari jarraipena emango zaio, kontzertu, emanaldi eta ikuskizunekin urte osoan zehar, tokiko kultur eskaintza eta kalitatezko kultur jardueretarako sarbidea sustatuz.

  • Hobekuntza orokorrak gimnasioan (12.800 €): Hainbat hobekuntza egingo dira kiroldegian, gimnasioko instalazioetan, ekipamenduak berritzeko eta herritarrei erabilera baldintza hobeak eskaintzeko.

  • Bost proposamen horiez gain, herritarrek eskailera mekanikoak konpontzearen eta estaltzearen alde ere bozkatu zuten, eta jarduketa hori 2027an egingo da. Proiektu horrek 100.000 euroko aurrekontua izango du, eta aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren esparruan aurreikusitako bigarren fasean gauzatuko da.

    Kudeaketa eredu parte-hartzailearekiko konpromisoa

    Proiektu hauek martxan jartzeak herritarren eta Udalaren arteko loturak sendotu dituen prozesu parte-hartzailearen amaiera izango da, hain zuzen, debarrei beren lehentasunak zuzenean adierazteko aukera eman die prozesuaren amaiera. Udalak oso positibotzat jo du lortutako parte-hartzea, baita jasotako proposamenen aniztasuna eta kalitatea ere.

    Alazne Txurruka Debako alkateak berretsi bezala  “ekimen honek Debako herritarrek parte hartzeko, ideiak aurkezteko eta beren egunerokoan eragina duenari buruz erabakitzeko gogoa dutela erakutsi du. Hasi berri dugun bidea da, baina jarraitzeko eta hobetzeko borondatea dugu”.

    Udalak urtean zehar proiektu horien aurrerapenen berri ematen jarraituko du eta udalerriaren eraikuntza kolektiboa indartuko duten partaidetza-formulak garatzen jarraitzeko konpromisoa berresten du.