Agirre jauregiko altzarien eraberritze lanak martxan dira

2017ko azaroaren 13aAgirre jauregiko altzarien eraberritze lanak martxan dira

Gaur hasi dira Agirre jauregiko inperio estiloko bi altzari zaharberritzeko lanak. Herriaren ondare izanik, prozesua bertatik bertara ezagutzeko ate irekiak antolatu dira azaroaren 17an eta 24an.

Duela urte batzuk, Debako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat sinatu zuten non Udalak Agirre jauregiko antzinako altzariak garbitu ondoren, Aldundiak altzari horiek Gordailuko instalazioetan zaindu eta gordetzeko konpromisoa jasotzen zen. Sinatutako akordio horren arabera, Debako Udalak urtero bere gain hartuko ditu altzari horietako bat eraberritzeko gastuak, hori egin eta gero Agirre jauregian berriro kokatu ahal izateko.

Aurrekontua eskatu ondoren, aurten inperio estiloko bi altzari eraberritzeko erabakia hartu da eta lanak gaur goizean jarri dira martxan.

Zaharberritze-lan horiek Agirre jauregiko erakusketa gelan egingo dira eta urtea amaitu baino lehen altzariak beren jatorrizko lekuan kokatuta egotea espero da. Halaber, prozesua bertatik bertara ikusteko aukera izango dugu herritarrok datozen bi ostiraletan. Izan ere, ate irekiak antolatu dira azaroaren 17an eta 24an, honako ordutegian:

  • Goizez: 8:30etik 14:00etara
  • Arratsaldez: 16:00etatik 19:30era

Zatoz eta jarrai ezazu zuzenean herriko ondarearen zaharberritze-prozesua!