Aho batez onartu ditu udalbatzak udalerriko soropilak, lorategiak, zuhaitzak eta berdeguneak mantentzeko zerbitzurako oinarriak

2021ko urriaren 29aAho batez onartu ditu udalbatzak udalerriko soropilak, lorategiak, zuhaitzak eta berdeguneak mantentzeko zerbitzurako oinarriak

Urriaren 28an egin du Debako udalbatzak ohiko osoko bilkura. Besteak beste, udalerriko soropilak, lorategiak, zuhaitzak eta berdeguneak mantentzeko zerbitzua kontratatzeko oinarriak adostu ditu, aho batez. Aspaldi lantzeke zegoen gaia da, eta orain onartutako oinarri hauekin zehazten da zer nolako jarraipen eta mantenua egin behar zaizkien aipatutako guneei.

Gune desberdinak zehazten dira, eta bakoitzean egin beharreko lan motak, maiztasuna... finkatzen dira. Modu integralean jasotzen du gaia, eta bertan zehazten dira, esaterako, egingo diren jarduera motak, eta horietarako erabiliko diren tresnak; edota zerbitzuko langileek lanok egiteko bete beharko dituzten ezaugarriak. 

Horiek guztiak zehaztuta, eta behin zerbitzua esleituta, Debako udalerriko gune horiek ondo zainduta egongo dira, lanak behar adinako maiztasunarekin egitea bermatuko baita, esaterako. Herritarrentzat ondo zaindutako ingurunea eskainiz eta gozagarri eginez. Eta modu honetan, baliabideak optimizatu egingo dira. 

Aho batez onartu da, halaber, Gizarte Zerbitzuetako eskualdea osatzen duten udalerrien artean (Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Eibar eta Deba) egoera larrian dauden pertsonentzako egoitzan neguko dispositiboa abian jartzea eta kudeatzea Eibarren. 

Neguko dispositibo bat laguntza- intentsitate txikiko zerbitzua da, bazterkeria-egoeran dauden pertsonei, bereziki pasadizokoei eta etxerik gabekoei berehala eskaintzen dizkiena gaua igarotzeko tokia eta mantenurako eta higiene pertsonalerako oinarrizko prestazioak. Dispositiboa urritik apirilera bitartean irekiko da. Aurrekontu osoaren %9,8 jarriko du Debak, 5.456 euro. 

EH Bilduk energiaren inguruko mozioa aurkeztu zion udalbatzari. Bertan, udalaz goitiko administrazioei eskaera egiten zaie neurriak har ditzaten Energia horniduraren prezioen gorakadaren aurrean. EH Bilduren (6) aldeko botoekin onartu da. Debarren Ahotsa (4) eta EAJ-PNV (3) abstenitu egin dira. 

Energiari buruzko mozioa