Amiantoaren udal errolda osatzen ari da Debako Udala, 2028ko epe-mugarako honen erretiratzea antolatzeko

2025ko irailaren 3aAmiantoaren udal errolda osatzen ari da Debako Udala, 2028ko epe-mugarako honen erretiratzea antolatzeko

Langile espezializatuek ikuskapenak egingo dituzte eraikin publiko eta pribatuen kanpoaldean, material hori identifikatzeko eta progresiboki erretiratzeko egutegia lantzeko. Jarduketak estatuko legeria betetzen du eta Eusko Jaurlaritzak partzialki finantzatzen du.

Debako Udala amiantoa duten instalazioen eta kokalekuen udal-erregistroa egiten hasi da, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legea betez. Helburua da material hori identifikatzea, eta progresiboki erretiratzeko egutegi bat ezartzea, 2028ª epe-muga izanik.

Horretarako, Udalak DINAM Desarrollos e Infraestructuras Ambientales enpresa espezializatua kontratatu du, eta bertako teknikariek dagoeneko hasi dituzte kanpoko ikuskapenak udalerri osoan. Ikuskapen horietan eraikin eta instalazio publiko zein pribatuak ikuskatuko dituzte, bai hirigunean, bai landa-eremuetan eta industria-eremuetan, baina beti kanpoaldetik, jabetza pribatuetara sartu gabe.

Teknikariak behar bezala identifikatuta egongo dira, eta lanak azarora bitarte egingo dituzte. Lehen fase horri esker, amiantoaren oinarrizko errolda osatu ahal izango da, eta hortik abiatuta eraikin edo instalazio publikoen erretiratze-plan bat landuko da. Ondoren, udal-eraikinetan oinarritutako bigarren fasean, analisi xehatuak egingo dira laginak bilduz, amiantoaren presentzia eta mota zehaztasunez zehazteko. Amiantoa kokaleku pribatuetatik kentzea jabeen kontura izango da.

Lanak aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso du Debako Udalak eta horri esker, lehenengo fase honetako aurrekontuaren % 50, gutxi gorabehera diruz lagunduta egongo da.