Argitaratu da Alaitz Melgarren, Tene Mujika 2023 bekaren irabazlearen, ikerketa

2024ko maiatzaren 24aArgitaratu da Alaitz Melgarren, Tene Mujika 2023 bekaren irabazlearen, ikerketa

‘Josefa, neskame’ lanaren bidez, Barakaldoko irakasleak bere amonaren bizitzan eta bizipenetan oinarritu du ikerketa, garai hartan isilaraziak izan ziren pertsonei ahotsa emateko ahaleginean. Liburua datorren ekainaren 13an aurkeztuko da Deban, osoko bilkuren aretoan, arratsaldeko 18:30ean.

‘Josefa, neskame’ izenpean, Alaitz Melgar irakasle barakaldarrak, 2023ko Tene Mujika bekaren irabazleak, argitaratu du jada bere amona izan zenaren bizitzan eta bizipenetan oinarritutako lana.

Beka hau Debako Udalaren eta Elkar argitaletxearen arteko elkarlanaren emaitza da, eta Euskal Herriko historia hurbilaren alderdiak jorratzen dituzten ez-fikziozko proiektuak babestera bideratuta dago. Horrela, Tene Mujika bekak Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak literatur sorkuntzarekin eta ikerketa historikoarekin duten konpromisoa islatzeaz gain, azken aldiko euskal historiaren ezagutza zabaltzea eta euskal literatura aberastea du helburu nagusi.

2023an aurkeztutako hainbat proiektu nabarmenen artean, Idurre Eskisabelek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak Melgarren proposamena hautatu zuen irabazle 2023an. Orain, urtebeteko ikerketaren ondoren, egileak argitaratu du jada bere lana, eta ekainaren 13an aurkeztuko du Deban, 18:30ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

‘Josefa, neskame’: bizitza konplikatua eta nortasun konplexua izan zuen emakume baten nondik-norakoak

Josefa Agirre Etxeberria 1928an Azpeitiko baserri batean sortutako emakumea izan zen, 12 urte bete orduko neskame lanetan joan zena Donostian etxea zuten espainiar aristokrata batzuen etxera. Geroztik bizitza osoan zerbitzari aritu zen, han eta hemen.

Horraino, nahiko istorio ohikoa, garai hartarako. Hala ere, istorioak osagai ezohikoak ere baditu, izan ere, Josefa Ingalaterrara joan zen lanera, eta han, ezkongabea izanik, haurdun geratu zen. Ondoren, krisi mentalek psikiatrikora eraman zuten.

Bere ikerketan zehar, neskametzari buruzko saiakera bildu nahi izan du Melgarrek. Horrez gain, bizitza konplikatua eta nortasun konplexua izan zuen pertsona baten nondik-norakoak ere islatu ditu, horrekin, isiltasunera kondenatutako guztiei hitza eta ahotsa emateko ahaleginean, ikusezinak izan zirenak, ikusgarri bihurtzeko.

Alaitz Melgar Agirre (Barakaldo, 1984) Ingeles Filologiako gradua eta Berdintasun Masterra ikasitakoa da, lanbidez irakaslea Iralen. Hauxe izango du bere lehenengo liburua.