Aro berri bati hasiera eman diote Debako udalak eta Itziarko auzo udalak

2020ko abenduaren 18aAro berri bati hasiera eman diote Debako udalak eta Itziarko auzo udalak

Itziarko Kontzeju Etxean sinatu duten hitzarmenarekin aurrera begira elkarlanean aritzeko oinarri sendoa jarri dute. Gilen Garcia Debako alkateak eta Arantza Egaña Itziarko auzo alkateak sinatu dute hitzarmena bi instituzioen izenean. Haiekin batera egon dira Debako udalbatzako EH Bilduko eta EAJ-PNVko ordezkariak eta Itziarko juntakideak. Eider Mendoza Gipuzkoako Gobernantza Diputatua eta Bozeramalea ere ekitaldian egon da.

Gilen Garcia alkatearen iritziz, “Udal Gobernuaren lana ongizatea eta proiektu berriak garatzea baldin bada ere, atzetik datozen gatazka edo arazoak konpontzea ere bada gure lanetako bat eta zentzu horretan uste dugu hitzarmen hau sinatu izanak esan nahi duela gobernantza eredu berri batera goazela, eta hori alderdi guztien elkarlanetik abiatu denez, oso eskertzekoa da azken urtean egon den jarrera eraikitzailea parte guztietatik eta guztiak zoriondu nahi ditut”.

Debako Udalbatzak 2014ko ekainean Itziarko Toki Entitate Txikiaren txosten justifikatiboa onartu eta 2015eko urtarrila bukaeran GFAk 3/2015 Foru Dekretua argitaratu ostean, urte bereko otsailaren 27an eratu zen Itziarko Auzo Udala. 

Itziarko bizilagunen autogobernurako nahi historikoa bideratzea izan zen auzo udala eratzearen arrazoi nagusia, honek zerbitzuen hobekuntza eta auzoetako beharrak errazago identifikatzeko aukera ekarriko zuelako, betiere Debako udalerriaren interes orokorrak kaltetu gabe. Hori horrela izango delakoan daude bi instituzioetako ordezkariak. Guztiek nabarmendu dute akordiorako eta elkarlanerako egon den borondatea. 

Arantza Egaña Itziarko auzo alkatearen esanetan, “gure helburua beti izan da Itziarko herritarrek izan ditzaten ahalik eta zerbitzurik onenak eta hitzarmen honen helburua ere hori da. Uste dugu, baita ere, beste zenbait udalerriei begira ere eredugarria izan daitekeen hitzarmena dela hau.”

Hitzarmenean, bi erakundeen arteko lankidetza eta bakoitzari dagozkion eskumenak zehazten dira.

Hitzarmena sinatzearekin batera adierazpena irakurri dute bi udalbatzen izenean: Gilen Garcia, Debako alkateak; Arantza Egaña, Itziarko auzo alkateak; Itziar Irizar, EH Bilduko ordezkariak; Iñigo Cambronero, EAJ-PNVko ordezkariak eta Maider Lopetegi, Itziarko juntakideak. 

HITZARMENA

ADIERAZPENA