Artzabalgo biribilgunean oinezkoentzako segurtasuna indartu da eta trafikoa baretu da

2025ko abenduaren 17aArtzabalgo biribilgunean oinezkoentzako segurtasuna indartu da eta trafikoa baretu da

Lanak datozen egunotan amaituko dira: ikuspena hobetu da, abiadura murriztuko da eta Artzabal ingurua seguruagoa izango da, Debako sarrera-gune bat hobetuz

Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak Debako alkatearekin batera bisitatu du gaur Artzabalgo biribilgunearen ingurua, Gipuzkoako Foru Aldundiak bide-segurtasuna hobetzeko bultzatutako lanak amaitzen ari diren lekua. Jarduketa datozen egunetan amaituko da, eta oinezkoentzako eta ibilgailuentzako ingurune seguruagoa izatea ahalbidetuko du, Debara sartzeko funtsezko puntu batean.

Esku-hartzearen helburu nagusia izan da N-634 errepidean zirkulazioaren abiadura murriztea eta oinezkoentzako bidegurutzeen ikuspena eta babesa hobetzea, arriskua sortzen zuen egoera bat zuzenduz, bai bidea gurutzatzen duten pertsonentzat, bai biribilgunera sartu eta bertatik irteten diren ibilgailuentzat. Biribilgunerako sarbideak aldatu dira, abiadura murriztuz, eta oinezkoentzako pasabidea lekuz aldatu da, ikusteko oztopo batetik urrunduz eta segurtasun baldintzak hobetuz. Era berean, espaloi berri bat eraiki da, Errotazar futbol-zelairako oinezkoentzako ibilbideari jarraipena emateko.

Urkolak azpimarratu duenez, Debako Udalarekin elkarlanean eta udalerritik bertatik helarazitako beharretan oinarrituta garatutako jarduketa izan da. “Aldundia udalei entzuteko eta eguneroko benetako arazoei erantzuteko dago. Obra hau adibide ona da elkarlanak hiri inguruneen segurtasuna eta kalitatea hobetzeko aukera ematen duela erakusteko ”, adierazi du.

Era berean, Debako alkateak adierazi du Artzabalgo biribilgunean bide-segurtasuna hobetzeko lanak urrats garrantzitsua direla eremuko segurtasuna hobetzeko eta, bereziki oinezkoen ongizatea eta segurtasuna hobetzeko. “Eskuhartze honek trafikoa lasaitzea eta ingurune hau seguruagoa eta pertsona guztientzako irisgarriagoa izatea ahalbidetuko du. Zalantzarik gabe, bizi-kalitatean aurrerapen handia ekarriko die egunero hemen bizi eta bertatik ibiltzen direnei eta Debako Udaletik eskerrik beroenak ematen dizkiogu Foru Aldundiari, beste behin, lankidetza eta elkarlanerako erakutsitako prestutasunagatik.

Jarduketak 181.326,74 euroko aurrekontua izan du, eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamentuaren jarduketa plan baten baitan kokatzen da, foru errepide-sarearen segurtasuna eta bizikidetza-baldintzak hobetzeko, bereziki oinezkoen presentzia duten zeharbide eta herri-inguruneetan. Planak hainbat motatako esku-hartzeak bultzatzen ditu lurralde osoko udalerrietan, oinezkoen eta tokiko errepideetako eta zeharbideetako trafikoaren arteko elkarbizitza hobetzeko asmoz. “Herrien egunerokotasunari oso lotuta dauden jarduketez ari gara, segurtasuna, irisgarritasuna eta ongizatea indartzen dituzten esku-hartze zehatzez”, adierazi du foru diputatuak, eta gogorarazi du tokiko ekintza plan horrek 7,35 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duela 2026an eta 2027an, Gipuzkoako udalerrietan tipologia eta eskala desberdineko jarduerak garatzeko.

Gainera, bisita instituzionala aprobetxatuz, foru diputatua eta alkatea ere Irulearen begiratokira joan dira,  joan den astean amaitu baitituzte ingurua mantentzeko eta hobetzeko lanak, bost hilabeteko exekuzioaren ondoren. Jarduketari esker, kostako horma indartu eta espazioa berriz urbanizatu ahal izan da, 321.670 euroko inbertsioarekin. Lanak modu koordinatuan egin dira urtarrilaren amaieran izandako luiziak eragindako Itziarko N-634 errepidearen hegala egonkortzeko lanekin, baliabideak optimizatzeko eta afekzioak  murrizteko. Lanon baitan, begiratokiaren eustorma egonkortu da, egiturazko kalteak baitzituen, hormigoizko ainguraketa eta indargarrien bidez, bai eta urbanizazioa eta hiri-altzariak berrezarri ere. Jarduketa hori lerradura gertatu aurretik aurreikusita zegoen.