Asteburuan emango dio hasiera Debak hondartza denboraldiari, aurten, zerbitzu ugarirekin eta Foru Aldundiarekin sinatutako akordio historikoa barne

2025ko ekainaren 11aAsteburuan emango dio hasiera Debak hondartza denboraldiari, aurten, zerbitzu ugarirekin eta Foru Aldundiarekin sinatutako akordio historikoa barne

Debako Udalak herritarrek eta bisitariek gozatzeko ohiko zerbitzuak eskainiko ditu: toldoak, dutxak, sorospen zerbitzua, bainu egokituak, izozkietako etxolak, aldagelak… Era berean, horiek guztiak modu egokian erabiltzeko hondartzen erabilera arau nagusiak gogorarazi ditu. Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren harira, Aldundiak kostaldeko hondartzetako funtsezko zerbitzuen kostuak hartuko ditu bere gain, eta horri esker, Deba bezalako udalerriek aurrezpen ekonomiko nabarmena izango dute.

Datorren asteburuan, Debak ofizialki inauguratuko du 2025eko hondartza denboraldia, bertako herritarrek eta bisitariek gozatzeko zerbitzu guztiekin. Urtero bezala, toldoak, dutxak, sorospen zerbitzua, bainu egokituak, izozkietako etxolak eta aldagelak izango dira. Zerbitzu horiek eskaini ahal izateko, Debako Udalak horien lizitazioan lan egin du aurrez, herritarrentzako eta bisitarientzako kalitatezko eskaintza eta zerbitzuak bermatzeko. 

Era berean, Santiago eta Lapari hondartzetako erabiltzaile guztien arteko bizikidetza egokia eta instalazioen erabilera arduratsua bermatzeko, Debako Udalak hondartzen erabilerari loturiko araudia du indarrean, pertsona guztien ongizatea zaintzea eta ingurune naturala babestea helburu. Hauek dira, besteak beste, aipatu dokumentuan jasotako arauetako batzuk: 

  • Musika: Debekatuta dago bozgorailuak, transistoreak edo beste edozein soinu-gailu erabiltzea, bolumenak hurbileko pertsonei eragozpenak sortzen badizkie.

  • Xaboia dutxetan: Debekatuta dago hondartzako dutxa publikoetan eta itsasoko uretan xaboia, gela, xanpua edo antzeko beste edozein produktu erabiltzea.

  • Kirola: Kirola hondarretan egitea baimenduta dago, betiere bainu-guneetarako sarrera oztopatzen ez bada eta beste erabiltzaile batzuentzat arriskutsuak diren jarduerak egiten ez badira. Uretako kirolak horretarako prestatutako eremuetan egin behar dira.

  • Animaliak: Debekatuta dago etxeko animaliak hondartzan egotea, urriaren 1etik apirilaren 30era bitartean izan ezik.

  • Sorospen-zerbitzuak: sorospen- eta zaintza-zerbitzuak modu erregularrean eta ordutegi jakin batean eskainiko dira udako denboraldian, ekainetik irailera. Ordutegi horietatik kanpo, bainua pertsona bakoitzaren erantzukizun pean dago.

Horrela, Debako Udalak arau horiek errespetatzeko deia egiten die udalerriko hondartzak erabiltzen dituzten pertsona guztiei, guztien arteko bizikidetza egokia bermatzeko.

Kontsultatu ordenantza osoa hemen

Debaren eta Foru Aldundiaren arteko akordioa hondartzaren kudeaketa eraginkorragoa izateko

Aurten, hondartza denboraldiko irekiera albiste garratzitsu bati lotua dator, izan ere, Debako Udalak akordio historiko bat lortu baitu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hondartzetako zerbitzuen kudeaketa integralerako. 

Joan den maiatzean sinatutako akordio horren helburua da Aldundiak hondartzetako funtsezko zerbitzuen kostuak bere gain hartzea, eta horri esker, Deba bezalako udalerriek aurrezpen ekonomiko nabarmena izango dute. Guztira, 1.700.000 euro bideratuko dira Gipuzkoako kostaldeko herrietara hondartzako zerbitzuak finantzatzeko, udalerri bakoitzeko biztanleriaren araberako banaketa proportzionalarekin.

Bizi kalitatearekiko eta jasangarritasunarekiko konpromisoa islatzen duen akordioa

Lortutako akordioak, halaber, 2026tik aurrera, sorospen eta zaintza zerbitzuen kudeaketa zentralizatua jasotzen du, Foru Aldundiaren Erosketa Zentroaren bidez eta horri esker, kontratazioa eraginkorragoa eta koordinatuagoa egingo da, Gipuzkoako hondartza guztietako zerbitzuen kalitatea ziurtatuz.

Alazne Txurruka Debako alkateak akordioaren garrantzia azpimarratu du: "Aldundiarekin dugun lankidetzari esker, kalitatezko zerbitzuak eskaini ahal izango ditugu, kostua gure udalerriari bakarrik egokitu gabe. Horri esker, aurrezki ekonomikoa debar guztien bizi kalitatea hobetuko duten beste proiektu batzuetara bideratu ahal izango da." Gainera, Txurrukak azpimarratu du akordio hau Udalak Debarentzat eta bere hondartzentzat finantzaketa justu eta jasangarria lortzeko egiten duen etengabeko lanaren emaitza dela.