Aurten ere osasun kognitiboa zaintzeko 'Exercita' programa egingo da

2021ko urriaren 29aAurten ere osasun kognitiboa zaintzeko 'Exercita' programa egingo da

60 urtetik gorako herritarrei gutuna bidaliko zaie datorren aste hasieran osasun kognitiboa lantzeko programaren berri eman eta abenduan abiatuko diren saioetan izena eman dezaten gonbidatuz. 'ExerCita' programaren helburu nagusia herritarrei gaitasun kognitiboak sustatzen eta zaintzen laguntzea da, egunerokotasunean ohitura kognitibo onak hartzen laguntzeko.

'ExerCita', 60 urtetik gorako pertsona osasuntsuei edota narriadura kognitibo arina dutenei zuzenduta dagoen estimulazio kognitiborako programa integrala da. Bi ardatzek osatzen dute: egituratutako ariketa liburua eta material hau egiten duten pertsonen jarraipen eta aholkularitza. 

Estimulazio kognitiborako 3 hilabeteko programa da, material eta talde saioez osatutakoa. Hiru hilabetez, 20 minututako hiru saio egin beharko dituzte astean.

Talde saioak, hamabostean behin, garunaren funtzionamenduari eta funtzio kognitiboei buruzko ezagutzak eskuratzeko, zer diren eta nola indartu jakiteko gakoak emanez. Taldeko jarraipen saioak bideo-deien bidez egingo dira. Bideo-deiak egiteko aukerarik ez duenak, jarraipena telefono-dei bidez egin dezake. 

Bertan parte hartzen duten pertsonek, hainbat onura jasoko dituzte; hala nola, funtzio kognitiboak landu, indartu eta mantendu; funtzio kognitiboak zer diren eta bakoitzaren garrantzia gure egunerokoan ulertzea; zalantzak partekatu eta argitu, eta profesionalen jarraipena izatea. 

60 urtez gorako Debako udalerriko herritarrek etxean jaso duten gutunean dituzte programan parte hartzeko jarraibideak. ExerCita-Deba programan interesa izanez gero, mezua bidali behar da exercita@cita-alzheimer.org helbidera azaroaren 12a baino lehen. Saioak abendu hasieran hasiko dira. 

Debako Udalak eta CITA-alzheimerrek ekimenean parte hartzera gonbidatzen dituzte Debako Itziarko 60 urtetik gorako herritarrak.