'Beldur barik 4' eta 'Emakumea naiz' lanak saritu dira Debako Beldur barik lehiaketan
Beldur Barik Emakundek antolatu eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da, eta bere helburua da, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendarte eraldaketan laguntzeko. Alegia, Beldur Barik jarrera bultzatzea. Horretarako, Beldur Barik programa hainbat baliabidez baliatzen da.
Hauetako bat, Beldur Barik ikus-entzunezkoen lehiaketa da: 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. Lehiaketaren xedea da ikus-entzunezko produkzioen bidez erakustea neska eta mutilek nola erantzuten duten desberdintasun egoeren aurrean eta nola egiten dioten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei Beldur Barik jarrerarekin.
Lehiaketa orokorraz gain, herrietan ere egiten dira propioak, Deban egin den moduan. Gaztelekutik bultzatu da ekimena. Gazteek irailaren 14tik azaroaren 5era arteko epean egin eta entregatu dituzte haien lanak.