Burgosko prozesuaz arituko dira mahai-inguruan Itziar Aizpurua eta Javier Buces

2021/02/05
Burgosko prozesuaren 50. urteurrenaren testuinguruan hainbat ekimen antolatu du Debako Udaleko bizikidetza batzordeak, garai hartan Euskal Herrian eta Deban bizi izan zen egoera gogorarazi eta herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.

Otsailaren 11n Itziar Aizpurua debarra, Burgosko epaiketan prozesatu zuten herritarretako bat eta Javier Buces Arantzadi zientzia elkarteko historialaria eta 'Burgosko prozesua, Frankismoari epaiketa' erakusketaren egilea solasean arituko dira gaiaren inguruan.

Kultur Elkartean egingo da mahai-ingurua, otsailaren 11n, osteguna, 18:30ean. Lekuan bertan egoteko gonbidapena udaletxeko harrera bulegoan jaso behar da, astelehenetik, otsailaren 8tik aurrera. Osasun egoerak eragindako edukiera mugatua denez, ahalik eta jende gehienak mahai-ingurua jarraitzeko aukera izan dezan zuzenean eskainiko da Udalaren Youtube kanaletik. 

Debarron gertuko historian ere, giza eskubide urraketa eta sufrimendu andana bizitu izan direnez, hauek ezagutu eta aztertu nahi ditu bizikidetza batzordeak. 

Mahai-inguruaz gain, 'Burgosko prozesua, Frankismoari epaiketa' erakusketa ikusgai dago Santa Maria elizako klaustroan otsailaren 14ra arte. Astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara eta igandetan 12:00etatik 18:00etara.