Dagigun partaidetza gunearen informazio gunea ekainaren 3an eta 4an

2022ko maiatzaren 27aDagigun partaidetza gunearen informazio gunea ekainaren 3an eta 4an

Urrats berria egingo da ekainaren 3an eta 4an Dagigun partaidetza prozesuan. Zumardiari buruzko prozesuarekin abiatu zen gunea, eta lehen emaitza ere eman du. Herritarrek Zumardiko espazioaren inguruan egindako ekarpenak jaso ondoren, Europako Next funtsetara proiektu bat aurkeztu du Debako Udalak partaidetza batzordearen bitartez.

Ekainaren 3an eta 4an Debako udaletxeko aterpeetan egingo den informazio gunean, prozesuaren ondorioz sortu den Hirigintza Batzorde mistoak diru-laguntzetara aurkeztu den proiektua aurkeztuko, eta herritarrek egindako ekarpenekin egiten ari den lanketaren berri emango du. Orain aurkeztuko den proiektuaz gain, Udalak herritarren partaidetzarekin jarraituko du lanean, beste erakunde batzuen (ETS, Espainikoa Kostaldearen Ministeritza...) ardurapekoak diren guneetako aldaketak lantzen.

Partaidetza prozesuan parte hartzen ari diren dinamizatzaileek lagunduta egingo dira saioak. Ekainaren 3an, ostirala, 17:00etatik 20:00eta eta ekainaren 4an, larunbata, 11:00etatik 15:00etara. Batzorde mistoak ekainaren 3an, 17:00etan egingo du bere aurkezpena. 

2021ean abiatu zen prozesua, eta urte horretako uztailaren 15ean Zumardian egindako ekitaldi publikoan aurkeztu zitzaien herritarrei. Orduantxe abiatu ziren eragile eta udal langile eta ordezkari politikoekin bilerak. 

Prozesuan zehar askotariko ekimenak egin dira (mahai-inguruak, tailerrak, ibilaldiak...), eta jasotako ekarpenak ere asko eta izaera desberdinekoak izan dira. Bereziki jaso dira ekarpenak hirigintzari lotutako gaietan, horregatik, hurrengo urratsa ere ildo horretan egiten ari da. 

Martxoaren 30ean, bildu zen lehen aldiz Hirigintzako Batzorde mistoa. Izan ere, jasotako ekarpenak aztertuta, ikusi da 2007an egindako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra -HAPO- eguneratu beharra. Eta lan horrekin hasi dira lanean.