Datorren astean banatuko da Debaberri etxeetara

2021ko martxoaren 26aDatorren astean banatuko da Debaberri etxeetara

Udal aldizkariaren zenbaki berria banatzen hasiko dira datorren astelehenean. Gai ugari landu dira aldizkarian, baina nabarmentzekoa da herritarrekin batera landuko diren ekimenak. Horien artean, Calbeton Zumardia eraberritzeko parte-hartze prozesua da aipagarriena.

Euskal Kostaldearen Geoparkeak Deban Paleolitoko haranaren museo-proiektu bat garatzea aurreikusita dauka. Proiektu hori Kalbeton Zumarditik bertatik abiatuko litzateke, Udaleko partaidetza batzordeak uste du funtsezkoa dela herritarrei galdetzea; izan ere, Zumardia gune estrategikoa da, auzotarren erabilera handikoa, eta ez litzateke jarduerarik ulertuko Debako jendearen ezagutza eta ekarpenik gabe.

Beraz, hori da egingo dena. Bide orria egiteko iparrorratz ezin hobea izango du alboan Debako Udalak: Itziar Gonzalez Viros. Bartzelonako arkitekto eta hirigile bat da, eta duela 20 urte herritarren partaidetzako eta hirigintzako prozesuetan espezializatzen hasi zen. 

Hiriak behetik gora egiten direla eta hirigintzan benetako adituak herritarrak beraiek direla sinetsita dago; izan ere, “eguneroko bizitzan, hiriaren eta lurraldearen eguneroko erabilerekin, eraldaketak norantz bideratu ulertzen lagun diezagukete hobekien”.