Datorren astean lanak egingo dira Arrantzale kalean sortu den zuloa estaltzeko

2023ko urtarrilaren 27aDatorren astean lanak egingo dira Arrantzale kalean sortu den zuloa estaltzeko

Urtarrilaren 9an zulo bat ireki zen Arrantzale kalean, lau hilabetetan hirugarren aldiz. Zuloa nabarmena bada ere, ez du bidearen erabileran arriskurik suposatzen, eta hortaz, oinezkoen bidea ohi bezala erabil daiteke.

Eusko Jaurlaritzaren Portu Saileko eta Udaleko teknikariek ikusi ahal izan dutenagatik, kaltearen jatorria ibaia bideratzen duten horman dauden irekiguneetan egon daiteke.

1997az geroztik, zenbaitetan azaldu den zuloa da, eta lurrarekin betetzeko erabakia hartu izan da.

Hori behin-betikoz konpontzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzaren Portu Sailak bi jarduketa egingo ditu: Batetik, zuloa tamaina ugariko harriz beteko du datorren astean. Horrekin betelan sendoa egin, eta filtratu daitezken lur bolumenak nabarmen murriztea lortuko da. Bestetik, ibaiko horman identifikatutako emariak hormigoiarekin estaliko ditu otsailaren amaieran, sarbide horiek zigilatuz, eta Arrantzale kale azpitik egon daitezken ur sarbideak mugatzea lortuko da.

Eusko Jaurlaritzaren menpeko jabari publikoa da Arrantzale kalea, hortaz, hari dagokio eremu horren mantenua eta zainketa lanak bideratzeko ardura.