Datozen lau urteotarako oinarri sendoak jartzea izan da gobernuaren lehen ehun egunetako erronka

2019ko urriaren 10aDatozen lau urteotarako oinarri sendoak jartzea izan da gobernuaren lehen ehun egunetako erronka

Legegintzaldiaren lehen ehun egunak bete ditu Debako udal gobernuak. Hori aintzat hartuta, lehen egun hauetako lana aztertu eta baloratzeko tartea hartu du. “Hauteskunde kanpainan esan genuen moduan, herritarrak erdigunean jartzen saiatzen ari gara egiten ari garen lanean”, Gilen Garcia Boyra alkatearen esanetan.

Udal gobernuaren ustez, datozen lau urteotarako oinarri sendoak jartzen ari dira. “Gauzak ondo egin nahi ditugu eta ezinbestekoa iruditu zaigu kargua hartu genuenean topatu genuen egoera ordenatzea eta behar bezala antolatzea, ahalik eta eraginkorrenak izateko helburuz”. Ildo horretan kokatu du Alkateak egiten ari diren gobernu-plana.

Buru belarri ari da Debako udal gobernua plan horren lanketan. Debarrek dituzten beharrak, arlo desberdinetan, asetzeko biderik eta bitartekorik egokienak aztertzen eta inplementatzen.

Itziarko auzo udalarekiko harremanei dagokionean, lan egiteko eredua ere normalizazio bidean da. Eta aurrerantzean, koordinazio guneak maiztasunez funtzionatuko du.

Estrategikoak diren gaiei erantzuteaz gain, egunerokoari ere erreparatzen ari zaio. Ildo horretan kokatu behar dira hondartzako eta portuko zerbitzuetan egindako hobekuntzak, eskolarako bidean irristatzearen kontra egindako tratamendua, igogailuak konpontzea... Kultura eta euskarari lotuta ere, hainbat ekimen egin dira, balorazio ona jaso dituztenak, Euskal jaia, Debako euskara sozialaren historiaren dokumentala, etab.

Honekin batera, komunikazio politika gardenaren aldeko apustua egin du.

Egindako lanaz balorazio ona egin du, hortaz, udal gobernuak.