Debako eta Itziarko klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko plana egingo da

2021/09/24
Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak abian jarri dute Klima eta Energia Plana egiteko proiektua. Plana uda hasieran hasi zen, eta udalerriaren plangintza estrategikoaren esparrua izango da, klima-aldaketa arintzearen eta horretara egokitzearen arloan tokiko ekintza egituratzeko.

Prozesu horretan ezinbestekoa da herritarren inplikazioa. Horretarako, udalak eta Itziarko auzo udalak inkesta batean parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak, udalerriko herritar guztien pertzepzioa eta plana egiteko kontuan hartu beharreko lehentasunezko gaiak ezagutzeko. Inkesta hori on-line egingo da batez ere, baina paperean betetzeko aukera egongo da, herritarren arretarako Debako eta Itziarko bulegoetan eta Debako liburutegian egongo baita eskuragarri.

Inkesta hau lehen urratsa da herritarrek energiaren arloan dituzten kezkak eta sentsibilizazioa ezagutzeko, eta horretan oinarrituta prestakuntza-saio batzuk antolatzeko. Eta jendea energia arloko on-line aholkularitza-zerbitzu berrira (sistema energetikoak, argi-fakturaren analisia eta energia berriztagarrien instalazioa) kontsulta pertsonalizatuak egitera animatzeko. Udalak, Debegesarekin batera, kontsulta horiek hilaren amaieran jarriko ditu martxan, urtea amaitu arte.

Klima eta Energia Plan honek bat etorri beharko du EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearekin, eta toki-erakundeentzat ezarritako eskakizunak betetzea ahalbidetu beharko du. Lege horrek energiaren erabilera jasangarriaren aldeko ekintzara bideratzen ditu EAEko tokiko administrazio guztiak, eta administrazio horiek bete beharreko betebeharren multzo zabala ezartzen du. Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar dira:

  • Eraikinen, ibilgailuen eta argi-instalazioen inbentarioak egitea, energia-kontsumoaren inbentarioarekin.

  • Energia-kontsumoa % 60 murriztea 2050erako, 2030erako % 35eko murrizketarekin.

  • 2030erako, eraikin guztietan, aipatutako administrazioaren kontsumoaren % 32 hornitzeko adina energia berriztagarri aprobetxatzeko instalazioak izatea lortzea.

  • Urte anitzeko energia-jarduketen plana egitea, kontsumoa murrizteko eta berriztagarriak bultzatzeko helburuak kontuan hartuta.

Plan hori, gainera, bat etorriko da Agenda 2030en Garapen Iraunkorreko Helburuekin, zehazki helburuarekin (GIH) 7, zeinak pertsona guztientzako energia eskuragarria, segurua, jasangarria eta modernoa eskuratzea jasotzen baitu; eta GJH 13rekin, zeinak klima-aldaketari eta haren ondorioei aurre egiteko premiazko neurriak hartzeari buruz hitz egiten baitu.

Azken planak, beraz, Udalak, Itziarko auzo udalak eta herritarrek, oro har, gauzatu beharreko zenbait ekintza ezarriko ditu, EAEko klimaren eta energiaren arloko erreferentziazko araudian eta politiketan ezarritako helburu kuantitatiboak betetzeko. Hau da, udalaren energia-kontsumoa % 40 murriztea eta energia berriztagarria sortzeko gaitasuna handitzea.

Plana egiteko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren diru-laguntza bat dugu, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarena ere.

Urtea amaitu baino lehen plan hori zehaztuta egotea aurreikusten da.

ON-LINE GALDETEGIA