Deba eta Mutriku lotzen dituen oinezkoen zubiko lanak amaitze bidean daude

2022ko otsailaren 4aDeba eta Mutriku lotzen dituen oinezkoen zubiko lanak amaitze bidean daude

Ari da berreskuratzen ohiko itxura Deba eta Mutriku lotzen dituen oinezkoen zubia, eusten laguntzen zion burdinezko egitura gorria kenduta. Arazo berezirik sortu ez bada ere, pixka bat atzeratu egin dira lanak, eta aurreikuspena hilabete honetan amaitzea bazen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalari jakinarazi dio atzeratu egingo dela. Zenbaterainoko atzerapena izango duen ez du oraindik zehaztu Aldundiak, lanetako arduradunak hori aztertzen ari baitira.

Larrialdi fasean mikropilote batzuk jarri zituzten, eta otsailean zehar betetze lanak egingo dituzte, falta diren 26 mikropiloteak egingo dituzte eta zubia bere mailaraino igoko dute, Udalari jakinarazi diotenez. 

2018an amildu baino lehen beste mugimendu batzuk ere izan zituen zubiak eta bere onera ekartzeko lanak egingo dituzte. Oin horien azpia ziurtatu eta sendotu egingo dituzte hondoratuko ez direla ziurtatzeko. 

Hurrengo urratsean zerbitzu eta kanalizazio azpiegiturak berriro instalatu, ingurua berrurbanizatu, zorua berritu eta zubiko baranda berregitea izango dira. 

Zubia desmuntatu eta berreraikitzeko bigarren faseko lanak apirilaren 14an hasi zituzten Moyua-Harri aldi baterako enpresa elkarteko langileek, eta zubia itxita dago azaroaren 22az geroztik. Zabaltzeko datarik ez du aurreratu Aldundiak. Haren eta Udalaren helburua da ahalik eta lasterren izan dadin, baina beti ere segurtasuna bermatuta egonda.