Deba festa giroan murgilduko da larunbatean, irailaren 27an, Euskal Jaia ospatzeko

2025ko irailaren 22aDeba festa giroan murgilduko da larunbatean, irailaren 27an, Euskal Jaia ospatzeko

Atari modura, ostiralean, irailaren 26an, herriko kaleak musikaz beteko dira Kalean Kantuz ekimenarekin, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Larunbatean egunean zehar hainbat jarduera antolatu dira euskal ohiturak zein tradizioak ospatzeko eta horiez gozatzeko: txistulariak, joaldunak, buruhandiak, dantzariak, trikitilariak eta erromeria izango dira, besteak beste. Horrez gain, Segurako taloak eta doako sagardo dastaketa eskainiko dira Plaza Zaharrean, eta norberak bere edalontzia eraman beharko du.

Irailaren 27an, larunbata, Deba zein debarrak euskal ohitura eta tradizioekin lotutako jai handia ospatzeko elkartuko dira. Egun horretarako jarduera-egitarau anitz bezain zabala antolatu da, eta bezperan, irailaren 26an, Kalean Kantuz ekimenak emango dio hasiera ospakizunari, 19:30etik aurrera herriko kaleak alaituz.

Irailaren 27a, Euskal Jaiaren eguna

Larunbatean, festa goizetik gauera arte nagusituko da Debako kaleetan. Goizean goiz, Plaza Zaharrean, Segurako taloak eta sagardo kupelak eskainiko dira giroa berotzen hasteko. Sagardoa doakoa izango da amaitu arte, eta norberak bere edalontzia eraman beharko du.

11:00etan txistulariak kaleak girotuko dituzte, eta 11:30ean Zubietako joaldunak batuko dira kalejirara euren soinuz. 12:00etan, Gure Kai dantza-taldea eta Musika Eskolako ikasleak herriko kaleetan zehar arituko dira dantzan.

13:30ean, trikitilariak arituko dira herria alaitzen. 15:00etan, bazkari herrikoia ospatuko da Aldats frontoian eta bazkal ostean trikitilariek giroa alaitzen jarraituko dute.

Arratsaldean, 18:00etan, buruhandiak kalez kale ibiliko dira, eta 19:00etan, “DEBRASS” txarangak kalejira eskainiko du, herritar guztiak dantzan jartzera gonbidatuz.

Egunari amaiera borobila emateko, 23:00etan, Foruen Plazan OBANEUKE taldearen eskutik erromeria izango da.

Azkenik, Debako Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak herritarrei dei egin die baserritarrez jantzita parte hartzera, euskal ohiturak eta tradizioak ospatzeko eta balioan jartzeko.