Deba-Itziar Biziberritzeko Plan Integralak ziurtasuna eskainiko die herritarrei

2020ko ekainaren 12aDeba-Itziar Biziberritzeko Plan Integralak ziurtasuna eskainiko die herritarrei

Gilen Garcia Debako alkatearekin batera agerraldia egin dute Arantza Egañak, Itziarko auzo alkateak, Itziar Irizarrek EH Bilduren izenean eta Pedro Bengoetxeak Debarren Ahotsaren izenean, Deba-Itziar Biziberritzeko Plan Integrala aurkezteko. Osasun krisi bezala hasi zena, krisialdi ekonomiko eta soziala ere bihurtu da, krisialdi orokorra. Horregatik, honek utziko dituen ondorio negatiboei aurre egiteko plana ere integrala izango da. Plana elkarlanean osatu du udal gobernuak, udalbatzako alderdiekin, Auzo Udalarekin eta herriko eragileekin.

“Azken hilabeteotan koronabirusak eragindako pandemia dela eta, udalerriaren bizia erdi itzali egin zaigu. Jakitun gara sektore eta herritar asko kolpatu dituela krisi honek. Horregatik, aurrera egiteko, udalerria biziberritzeko planak ere integrala behar du. Hori da gaur aurkezten ari garena”, esan du Gilen Garcia alkateak.

Udalerrian inor babesik gabe geratzea ez dutela nahi esan du alkateak, “ziurtasuna eskaini nahi diegu Debako eta Itziarko herritarrei, ditugun ahalek uzten diguten neurrian behintzat”. 

Milioi bat euro baino gehiago bideratuko da biziberritzera. Kopuru hori, bertara bideratutako hiru diru-partiden baturak ematen du: aurrekontua doitzeko egindako murrizketak, COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko gehitutako diru-partidak eta herritarrei salbuetsitako diru partidak.

Negozio txikiak, kultura arloa, ikastetxeak, aisialdi taldeak... hartu dira kontuan alkateak esan zuenez. “Laguntza bonuen bitartez, kultur ekimen batzuei eusten, hezkuntza-zaintza sarea sortzen... lagundu ditugu”. 

Elkarlanean egindako plana da. “Gobernu honek hasieratik adierazi du horretarako borondatea eta garai zail honetan ere horrela jardun dugu. Eskerrak eman nahi dizkiet alderdiei, Itziarko Auzo Udalari eta herriko eragileei elkarlanerako adierazi duten prestutasunagatik”, gehitu du alkateak.

Itziarko Auzo Udala Debako udalarekin aritu da eskuz esku lanean. Horrez gain, Itziarrerako propio landu ditu hainbat gai Auzo Udalak, Arantza Egaña auzo alkateak azaldu duenez. 

Udalerri osoan eragiten duten gaiek ere eragiten dute Itziarren, baina horietaz aparte, auzo udalerako propio sortu ditugu: Ume Aisia Itziarren ekimena. Aurtengo aisialdia desberdin gozatu beharko badugu ere, gure haurrek merezi dutela uste dugu”. 

Halaber, “UEMAk abian jarritako Bertatik bertara ekimenean ere parte hartuko dugu, gure ingurunearen berri emateko eta turismo eskaintza, euskararen bitartez indartzeko”. Bestetik, maskara berrerabilgarriak banatu dira etxez etxe, horretarako 10.000 euroko inbertsioa eginez. 

Laguntza ekonomikoak jasotzen ditu planak, baina, ez bakarrik ekonomikoak, integrala baita. Ildo horretan, Itziar Irizarrek, egoera zaurgarrian dauden pertsonak izan ditu gogoan, “hauek izan baitaitezke kaltetuenak egoera honetan. Eta aipamen berezia egin nahi diegu haur eta nerabeei. Haiek dira etorkizuna, orain eraikitzen ari garen etorkizuna”. Hauentzat sortutako hezkuntza-zaintza sarea apustu interesgarria dela ere esan du. “Halaber, Gizarte Zerbitzuetan egindako ahalegina, bai ekonomikoa eta baita humanoa ere”. 

Pedro Bengoetxeak, Debarren Ahotsako ordezkariak elkarlanaren garrantzia nabarmendu du. “Une honetan garrantzitsua da batzen gaituen horri eustea eta elkarlanean aritzea, horregatik hartu dugu parte aktiboa planaren osaketan eta horregatik gauza gaur honen aurkezpenean ere”.

DOKUMENTUA