Deba uda honetan kulturaz jantziko da, musika, bisita gidatuak, antzerkia eta ekitaldi bereziak jasotzen dituen egitarau anitz eta zabalarekin

2026ko ekainaren 30aDeba uda honetan kulturaz jantziko da, musika, bisita gidatuak, antzerkia eta ekitaldi bereziak jasotzen dituen egitarau anitz eta zabalarekin

Antolatutako ekitaldien artean nabarmentzekoak dira musika kontzertuak, Debako txoko esanguratsuenetara egingo diren bisita gidatuak edota Musika Bandaren dantzaldia, beste hainbat ekintzen artean.

Debako Udalak udako kultur agenda aurkeztu du, anitza eta ekitaldi ugariz osatua, udan ere Debak kulturalki herri bizia izaten jarrai dezan. Kultur gidak uztailetik irailera bitartean egingo diren jarduera ugari jasotzen ditu, adin guztietako herritarrei zuzenduak: hitzaldiak, erakusketak, musika, antzerkia, bisita gidatuak, kirol jarduerak eta beste hainbat aukera. Gainera, San Roke jaiak abuztuaren 14tik 18ra izango dira, eta Euskal Jaia irailaren 26an ospatuko da. 

Arte eszenikoak eta musika ekitaldiak

Aurtengo agendak musika- eta arte eszenikoen eskaintza zabala biltzen du. Nabarmentzekoak dira Iturri Ondoan egitasmoaren barruan antolatutako emanaldiak; besteak beste, Zaharrak Berri taldearen “Arineketan”, bertso saioa Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Elustondo eta Agin Labururekin, “Begiradak” ikuskizuna, “JO!” umorezko antzezlana eta Odei Barrosoren kontzertua. Musika arloan, Süne eta Xabi Solanoren emanaldia Musika Bandarekin batera, Azkenkanta Otxotearen kontzertua, Aitzuri Abesbatzaren udako kontzertua, Edu Zardoyaren kontzertu akustikoa, UR taldearen funk kontzertua eta Debako nahiz inguruko jazz musikarien saioa izango dira. Horrez gain, Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren eta Udako Kontzertuen programazioaren barruan hainbat emanaldi eskainiko dira uztaila eta abuztuan zehar. 

Familia-jarduerak eta bisita gidatuak

Uda honetan, familiek aire zabaleko hainbat jardueraz gozatu ahal izango dute. Geoparkeko bisita gidatuez gain, Debatik Zumaiara itsasontziz egingo diren irteerak, Lastur familian ekimena eta Marearteko Zabalgunea ezagutzeko bisitak antolatu dira. Era berean, Debako ondare historikoa gertutik ezagutzeko aukera izango da, Santa Maria elizako ondare gotikoari eskainitako bisita gidatuekin. Haurrentzako jardueren artean, Iago Magoaren magia tailerra eta ikuskizuna izango dira. 

Jaiak eta ekitaldi bereziak

Urtero bezala, Debak bere ohiko jaiak ospatuko ditu, San Roke Jaiak, abuztuaren 14tik 18ra. Aurretik, abuztuaren 1etik 5era, Itziarko Kopraixak egingo dira. Irailean, Lasturko San Nikolas jaiak izango dira hilaren 10etik 14ra, eta hilaren 26an Euskal Jaia ospatuko da. Gainera, uztailaren 5ean Deba Hiria Xake Lehiaketa ospatuko da, eta abuztuan Xake Festa herrikoia egingo da.

Beste ekimen nabarmen batzuk

Jarduera berezien artean Marea Gora hitzaldi zikloa dago. Uztailean egingo diren lau saioetan historia, giza eskubideak, itsas ondarea eta ingurumenarekin lotutako gaiak jorratuko dira. Horrez gain, Clara Letón Gilen “Lo hondo” erakusketa izango da ikusgai Santa Maria elizako klaustroan. Udako Kultur Loraldia egitasmoaren barruan Binilo Pintxada eta Merkatu Txikia ere egingo dira, eta zinema saioak eskainiko dira kioskoan. Era berean, Palestinaren inguruko erakusketa ere izango da uztailean.

Irailean ere hitzordu garrantzitsuak izango dira: Animadeba jaialdia eta bestalde, DebadeZinea, Berdintasuna sailarekin batera; irailaren 12an, 57. Kale Margo Lehiaketa, herriko kaleak artez eta sormenez betez; eta irailaren 20an, San Sebastian Circuit Spirit auto klasikoen nazioarteko rallya eta erakusketa. 

Debako kultura agenda honekin, eskaintza zabala izanik, herritarrak eta bisitariak kultura, bizikidetza eta udalerriko natura- eta arte-ondareaz gozatzera gonbidatu nahi dira, adin guztietarako jarduera ugariren bitartez.

Kultur programa hemen