Debak hilabeteko iraupena izango duten udako udaleku irekiak eskainiko ditu lehen aldiz, euskara eta gizarte-balioak ardatz izanik
2026ko urtarrilaren 27aLehen aldiz, hilabete osoan parte hartzeko aukera eskainiko da, 2026ko ekainaren 29tik uztailaren 24ra bitartean. Programa 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago eta formatu hauetan antolatuko da: zaintza zerbitzua (HH4-LH4) eta udaleku irekiak HH4-LH4ko eta LH5-LH6ko neska-mutilentzat. Programaren helburu nagusia haurren artean euskararen ezagutza eta erabilera indartzea da, hezkuntza eta gizarte eta ingurumen konpromisoa duten jolas eta jardueren bidez.
2026ko udako udaleku irekien antolaketa eta garapenerako lizitazio-prozesua abiarazi du Debako Udalak, 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta. Aurtengo edizioan, berrikuntza nagusia zera da, lehen aldiz hilabete osoko parte-hartzea eskainiko dela, ohiko hamabostaldiko formatuaz gain. Programaren helburu nagusia da haurrek euskarazko ezagutza sendotzea eta haren erabilera sustatzea, giro ludiko eta pedagogiko batean, aire zabaleko jardueren bidez. Egitarau osoa euskaraz garatuko da, dibertsioa, ikaskuntza eta motibazioa uztartzen dituen ikuspegiarekin.
Zerbitzuaren egitura
Zerbitzua 2026ko ekainaren 29tik uztailaren 24ra bitartean antolatuko da, astelehenetik ostiralera bitarteko lanegunetan, eta hiru modalitate bereiziko dira:
Zaintza zerbitzua: HH4tik LH4ra bitarteko umeentzat, 08:00etatik 10:00etara. HH-rako 15 plaza eta LH-rako 37 plaza eskaintzen dira. Zerbitzua 2 edo 4 asterako kontratatu daiteke.
2 aste: ekainak 29 – uztailak 10 edo uztailak 13 – 24
4 aste: ekainak 29 – uztailak 24
Udaleku Irekia 1: HH4-5 eta LH1-4ko umeentzat, 10:00etatik 13:30era. LH1-4ko taldeentzat hamabostaldi bakoitzean egun osoko irteera bat aurreikusten da. HH-rako 50 plaza eta LH-rako 120 plaza eskaintzen dira. Iraupena: 2 edo 4 aste.
2 aste: ekainak 29 – uztailak 10 edo uztailak 13 – 24.
4 aste: ekainak 29 – uztailak 24
Udaleku Irekia 2: LH5 eta LH6ko ikasleentzat, 10:00etatik 13:30era. Egun osoko bi irteera izango dira. Iraupena: 2 aste (uztailak 13 – 24). Plazak: 60
Taldeen ezaugarriak
HH4 eta HH5eko taldeak 8–10 neska-mutilek osatuko dituzte.
LH1etik aurrerako taldeak 8–12 parte-hartzailerekin osatuko dira.
Taldeak osatzeko ez da soilik umeen adina eta generoa kontuan hartuko; baita euskararen ezagutza-maila, etxeko hizkuntza-ohiturak eta egoera zaurgarrian daudenak ere. Beharrezko informazio guztia jasotzeko, enpresa esleipenduna ikastetxeekin eta udal gizarte-zerbitzuekin harremanetan jarriko da. Talde bakoitza hezitzaile baten ardurapean egongo da. Gainera, enpresak koordinatzaile nagusi bat izendatu beharko du, zerbitzu osoan zehar hezitzaile-taldearen lana koordinatu eta jarraipena egiteko ardura izango duena.
Izen-emateak eta kudeaketa
Enpresa esleipenduna arduratuko da izen-emate prozesuaz, taldeak adinaren, hizkuntza-mailaren eta bestelako gizarte-irizpideen arabera antolatzeaz, eta talde bakoitzerako egokitutako programazioa bermatzeaz. Halaber, familiei komunikazioa egitea, jardueraren berri ematea eta irteerak egiteko garraioaren kudeaketa ere bere esku egongo da.
Prozesuari buruzko informazio guztia eta berrikuntzak www.deba.eus udal webgunean eta Debako Udalaren kontratazio-profil profesionalean kontsulta daitezke.