Debak performancea, musika eta txotxongiloen ikuskizunak hartuko ditu apirilean eta maiatzean, Ispilu(h)ari kultur ekimenaren baitan

2026ko apirilaren 1aDebak performancea, musika eta txotxongiloen ikuskizunak hartuko ditu apirilean eta maiatzean, Ispilu(h)ari kultur ekimenaren baitan

Helduen kasuan, 12 urtetik gorakoentzat, “Zerbait sartu zait begian” performance garaikidea eta Maider Cigarroaren kontzertua eskainiko dira, biak 18:00etan, Ispiluen gelan. Bestalde, 12 urtetik beherakoentzat “Kay Robot” eta “Txan Fantasma” txotxongilo ikuskizunak programatu dira, 17:30ean, espazio berean.

Ispilu(h)ari kultur programak aurrera jarraitzen du Deban, eta oraingoan apiril eta maiatzerako proposamen berriak aurkeztu dira. Aurrekontu parte-hartzaileen bidez sortutako ekimen honek urte osoan zehar kultur eskaintza jarraitua eta askotarikoa bermatzea du helburu, herritarren eskaerari erantzunez.

Helduentzako programazioa: performancea eta musika

12 urtetik gorakoentzako saioak Ispiluen gelan izango dira, 18:00etan, eta formatu garaikideak eta musika izango dituzte ardatz.

Apirilaren 18an, Imanol Epelderen “Zerbait sartu zait begian” performancea eskainiko da. Ikuskizun honek spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen ditu, eta gaur egungo hainbat gai jorratzen ditu umorez eta hausnarketarako gonbita eginez; besteak beste, bizimoduaren erritmoa, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren etengabeko bilaketa eta maskulinitatea.

Maiatzaren 9an, kontzertua izango da Maider Cigarroaren eskutik. Aurretik Haizean eta Hiru Soinu taldeetan aritutako artista lapurtarrak pop doinuetan oinarritutako errepertorioa aurkeztuko du.

Haurrentzako programazioa: txotxongilo ikuskizunak

12 urtetik beherako neska-mutilentzako egitaraua ere Ispiluen gelan izango da, 17:30ean, familian gozatzeko pentsatutako proposamenekin.

Apirilaren 19an, “Kay Robot” txotxongilo ikuskizuna eskainiko da (6 urtetik gorakoentzat gomendatua). Umore ukitua duen ikuskizun honek gizakien eta teknologiaren arteko harremana lantzen du, makinen matxinada oinarri hartuta eraikitako istorio baten bidez.

Maiatzaren 10ean, “Txan Fantasma” txotxongilo ikuskizuna izango da (5 urtetik gorakoentzat gomendatua). Karmentxuren istorioa kontatzen du, bere irudimenari esker, unibertso propio bat sortzen duen neskatxarena. Ikuskizunak gai hauek jorratzen ditu: maitasunik eza, lagun imajinarioak eta haur “desberdinen” integrazioa.

Debako Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu kultur programazio honetaz gozatzera, publiko guztientzako pentsatutako proposamen eszeniko eta musikalez osatua.