Duo Sarasateren emanaldiarekin hasiko dugu Debako 36. udako musikaldia

2019ko uztailaren 30aDuo Sarasateren emanaldiarekin hasiko dugu Debako 36. udako musikaldia

Debako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, hogeita hamaseigarrenez antolatu du Udako Musikaldia. Abuztuaren 1ean emango diogu hasiera zikloari Duo Sarasateren emanaldiarekin. Kontzertuak ostegunetan izango dira, arratsaldeko 8etan, Santa Maria elizan.

Abuztuaren 1ean abiatuko da Deban Udako Musikaldia. Urtero bezalaxe, aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu du Udalak musika ziklo hau. 36. edizio honetan, lau kontzertu izango ditugu abuztuko ostegunetan.

Duo Sarasate arduratuko da aurtengo musikaldiari hasiera emateaz. Jonathan Mesonerok (biolina) eta Mercedes Medinak (pianoa) osatuta, errezital ugari eman ditu bikoteak 2016an taldea sortu zutenetik. Abuztuaren 1ean, arratsaldeko 8etan, Santa Maria elizako klaustroan izango dira. 

Hurrengo kontzertua hilaren 8an izango da. Bigarren hau Santa Maria elizaren barnealdean eskainiko digute Lucie Zakova organistak eta Koruko Andre Mariaren Musika Kaperako hainbat bakarlarik, Andoni Sierraren zuzendaritzapean. 

San Roke jaietako atsedenaren ondoren, abuztuaren 22an itzuliko da udako musika zikloa Urval Ensemblerekin. Zumaian 2002. urtetik antolatu ohi duten Klarinete Maratoiaren baitan sortutako taldea da, eta aurten Debako Santa Maria elizako klaustroan izango dugu

Musikaldiari amaiera emateko, abuztuaren 29an, Miren Urbieta (sopranoa) eta Ruben Fernández (pianoa) igoko dira klaustroko oholtzara. 

Aipatu kontzertuak arratsaldeko 8etan izango dira, meza ondoren eta Santa Maria elizako klaustroan egingo dira, abuztuaren 8koa izan ezik. Eskuko programak kontzertu egunetan bertan banatuko dira eliz atarian. Aurrez ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.