Debako Antzerki astea egingo da ekainaren 1etik 11ra

2023ko maiatzaren 26aDebako Antzerki astea egingo da ekainaren 1etik 11ra

Ekainaren 1etik 11ra arte XXXVI. Antzerki astea ospatuko da Debako hainbat tokitan. Proposamen original eta ederrekin osatu du aurtengo egitaraua Goaz antzerki taldeak herritarrek gozatzeko helburuarekin.

Aurtengo edizioa arte, maiatzean egiten zen antzerki astea, baina gazteak azterketak direla eta ospatzeko aukerarik ez zutenez, antolatzaileek ekainera pasatzeko hautua egin dute.

Urtero bezala, Goaz antzerki taldeak proposamen berriak edo desberdinak Debara ekartzearen ahalegina egin du. Aurtengoan, alde batetik, egitarauan inoiz baino talde amateur gehiagok hartuko dute parte, guztira lauk. Goazeko partaideek adierazi bezala, Antzerki Amateur Txapelketa batean parte hartzeko aukera izan dute ikasturte honetan, eta bertan ezagutu dituzten taldeak herrira ekartzea lortu dute. Bestetik, ordea, antzerki tradizionaletik aldendu, eta antzerki berritzailean diharduten profesionalak ere izango dira Antzerki Astean. Horiek proposamen original eta indartsuak aurkeztuko dituzte.

Goaz Antzerki taldearen ardatz nagusia euskara da, eta horregatik antolatutako ikuskizun guztiak euskaraz izango dira. Azken urteetan, euskaraz sortutako produkzioak geroz eta gehiago dira, eta nabarmen gelditu da badagoela non aukeratu. 

Kokaguneari dagokionean, herriko hainbat tokitan izango dira emanaldiak: Ispiluen gelan, Agirre jauregian, Aldats pilotalekuan, Goazen Osioko lokalean, Itziarko Burugorrin eta Plaza Zaharrean.

Egitaraua