Debako Antzerki astea maiatzaren 20tik 29ra egingo da aurten

2022/05/20
Maiatzaren 20tik 29ra, bi astez, antzerkiz beteko ditu herriko kaleak Deban antolatutako jaialdiak. Urteak daramatza Goaz Antzerki Taldeak antzerki amateurraren jaialdi hau antolatzen, aurtengoa 35. edizioa izango baita. Debako Udalaren laguntza jaso du ekimenak.

Maiatzaren 20an, tabernaz taberna Magipoteo magia erakustaldia izango da lehen ekimena, 19:00etatik aurrera, Tor magoaren eskutik. Maiatzaren 21ean, larunbata, gaueko 22:00etan Txaloren Koittauak obraren txanda izango da, Aldats pilotalekuan. Igandean, maiatzaren 22an, eguerdiko 13:00etan, Ugaitz Agirreren Non dago Amaia? poesia dramatizatua ikusteko aukera egongo da Kultur Elkartean. 

Bigarren astea ere antzerkiz beteta etorriko da. Asteazkenean, maiatzak 25, Luzaro ikastetxeko haurrentzat bi aldiz antzeztuko du Aizarnako Antzerki Taldeak Hiru Otsoen komeriak obra. Hurrengo bi egunetan, maiatzaren 26an eta 27an, Debako Goaz Antzerki Taldearen txanda izango da. Ostegunean Itziarko Burugorrin izango dira, 19:30ean, aurten prestatu duten Bilakatu obrarekin, eta ostiralean, beste bi pase egingo dituzte Deban, Osioko Goazen lokalean, 19:30ean bata eta 20:30ean bestea. 

Maiatzaren 28an, larunbata, 19:30ean, Tolosako Katiuska Antzerki Taldeak Osioko Goazen lokalean Armiarma obra antzeztuko du, eta bukatzeko, igandean, maiatzak 29, 19:30ean, Elgoibarko Taupada Antzerki Taldeak Zinemakopa izenburua duen musikala eskainiko du Aldats pilotalekuan. 

Ikuskizun guztietarako sarrerak momentuan bertan erosteko aukera egongo da eta, horrez gain, sarrerak aldez aurretik Goaz Antzerki Taldearen sare sozialen bitartez ere erreserba daitezke.

Antolatzaileen hitzetan, “Debako Antzerki Taldeak antzerki amateurra aldarrikatu nahi du, eta beste urte batez, kulturgintza eta herrigintzaren bitartez, txikitasun eta anonimotasunean egindako proiektuen edertasunaren erakusleiho izan nahi du jaialdi honek”. 

 EGITARAUA