Debako Gaztelekuak egitarau dinamiko eta parte-hartzailea eskainiko du maiatzean
2026ko maiatzaren 4aHilabetean zehar, ekintza bereziak, irteerak eta asteko ohiko jarduerak eskainiko dira, gazteen aisialdia modu aktiboan sustatzeko, hala nola padel irteera, Arbilera igoera, gaztekirol saioak eta sukaldaritza tailerrak. Gaztelekua astelehenetik ostegunera egongo da zabalik 17:00etatik 20:00etara, eta ostiraletik igandera 17:00etatik 20:30era. Era berean, udaberriko oporraldiaren balorazio positiboa egin da, askotariko ekintza eta irteeren bidez gazteen parte-hartzea sustatuz.
Debako Gaztelekuak maiatzerako egitarau anitza prestatu du, gazteen parte-hartzea, harremanak eta aisialdi aberasgarria sustatzeko helburuarekin. Maiatzean zehar, gaztelekuak eguneroko jarduera arruntez gain, hainbat proposamen berezi eskainiko ditu aisialdia modu dinamikoan bizitzeko aukera emanez.
Maiatzaren 5ean, 2012an jaiotako gazteentzat padel irteera egingo da Mendarora. Maiatzaren 9an, berriz, 2013an jaiotako gazteek Arbilera igotzeko aukera izango dute, natura eta kirola uztartuz.
Asteko jarduerei dagokienez, astearteetan sukaldaritza tailerrak eskainiko dira, eta asteazkenetan gaztekirol jarduerak egingo dira. Horrez gain, ostiraletan eta asteburuetan gaztelekuko sukaldea erabilgarri egongo da, aurrez izena emanda atean dagoen zerrendan.
Halaber, udaberrian gaztelekuak bere jarduera kanpo espazioetara zabalduko du, eguraldiak laguntzen duenean. Horrela, gazteek ohiko espaziotik kanpo ere aisialdiaz gozatzeko aukera izango dute, naturarekin harreman zuzena sustatuz. Besteak beste, slackline-a probatzeko guneak, inguruan zehar ibilaldiak eta talde-jolas dinamikoak antolatuko dira, parte-hartzea, mugimendua eta talde giroa indartzeko.
Gaztelekua astelehenetik ostegunera egongo da zabalik 17:00etatik 20:00etara, eta ostiraletik igandera 17:00etatik 20:30era.
Informazio gehiago nahi izanez gero edo zalantzak argitzeko, deitu 943 192 762 telefonora edo idatzi debakogaztelekua2@gmail.com helbide elektronikora.
Udaberriko oporraldia
2026ko udaberriko oporraldian, Debako Gaztelekuan askotariko ekintzak egin dira, talde handietan zein txikietan. Eguraldiaren ondorioz, 2013ko gazteekin aurreikusitako Zumaia-Deba ibilaldia bertan behera utzi behar izan zen, eta horren ordez sukaldaritza lehiaketa antolatu zen gaztelekuan.
Bestalde, 2012ko gazteak Derioko JumpYard parkean izan dira, 2009koek parrilada egin dute Elorrixan, eta 2011koek Debacup txapelketa antolatu dute Mendatako ikasleentzat, futbola, pintxo salmenta eta aurkezpen lanak uztartuz.
Horrez gain, Nerabide proiektuaren baitan hainbat ekintza egin dira: Donostiako zinema, Urbileko bolera, Urbia mendiko ibilaldia, Oñatiko gaztelekuan gaua pasatzea eta gaztelekuan bertan bazkaria.
Oporraldiari amaiera emateko, Gaztekirol futbol taldeak Oñatin jokatutako herri arteko txapelketan parte hartu eta irabazle izan da.
Orokorrean, oporraldiaren balorazioa oso positiboa izan da, eta dagoeneko udako eskaintza prestatzen hasi dira, gazteen esperientziak eta iritziak kontuan hartuta.