Debako Gizarte Zerbitzuen eraikineko taberna-kafetegia ustiatzeko emakida argitaratu da
2024ko maiatzaren 17aInteresa duten pertsonek edo enpresek maiatzaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak.
Debako Udalak Simon Berasaluze plazako Gizarte Zerbitzuen udal eraikinean dagoen taberna-kafetegia ustiatzeko emakida-kontratua argitaratu du. Emakida honen helburua da taberna-kafetegiko zerbitzua kudeatu eta eskaintzea, kanpoko terraza barne.
Kontratuaren xehetasunak eta proposamenen aurkezpena
Emakidak 5 urteko iraupena izango du. Aldez aurretik, 6 hilabeteko probaldia egingo da eta denbora horretan, langileen euskarazko hizkuntza-gaitasuna, eskainitako zerbitzuaren egokitasuna eta ordutegiaren betetze maila izango dira kontutan. Kontratuan jarritako baldintzak betez gero, emakida beste 5 urtez luzatu ahal izango da.
Proposamenak aurkezteko interesa duten pertsonek edo enpresek maiatzaren 31ra arte izango dute horretarako aukera, Euskadiko kontratatzailearen profilean (https://www.contratacion.euskadi.eus/KPELicitacion) edo udaletxean bertan, aurrez aurre eta paperean.
Kontratuan jasotako zerbitzuak
Ondorengoak dira kontratuaren emakidan jasotako betekizun eta baldintzetako batzuk:
· Zerbitzua eta ordutegia: taberna-kafetegiaren zerbitzua lokalean zein terrazan eskaini behar da, ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 21:00etara, larunbatetan 09:00etatik 22:00etara eta igandeetan 11:00etatik 21:00etara. Ordutegi hori zabaldu egin daiteke, indarrean dagoen ostalaritza-araudiaren arabera.
· Mantentze-lanak eta ekipamendua: ezinbestekoa da instalazio guztiak, sukaldea, terraza eta Arbil elkartearekin partekatutako komunak, garbi eta egoera onean mantentzea. Gainera, emakidadunak bere gain hartu behar ditu etxeko tresnak eta garbiketa-produktuen gastuak.
· Eguneko askariak: eguneko zentroko erabiltzaileen gosariak eta askariak egunero prestatu beharko dira eta horrekin batera, eguneko zentroko ontziteria jaso eta garbitu beharko da.
· Prezioak: Prezioak emakidadunak proposatu beharko ditu eta Udalak onartu, dagokion prozedurari jarraituz.