Debako ibilbide eta ibilaldiak biltzen dituen mapa berria kalean da

2018/03/23
Udalak argitaratu berri duen foiletuak udalerriko hamar ibilbide jasotzen ditu.

Debako turismo bulegoak Ibilbideak eta ibilaldiak izeneko foiletua argitaratu berri du. Esku-orri honek udalerriko 10 ibilbide ezagutzeko aukera eskaintzen die, bai bertakoei zein herrira datozen bisitariei. Izan ere, paisaia, natura, geologia, historia eta etnografiari dagokionez interes berezia duten maila eta mota guztietako ibilbideak aurki ditzakegu bertan.

Esku-orriaren alde batean, Debako udalerri osoaren mapa daukagu, eta bertan aukeratutako 10 ibilibideak daude kolore desberdinez seinaleztatuta; hala nola, Flyscharen ibilbidea, herriko bira, Karstaren ibilbidea, Sakonetako labarrak, Elorriagako begiratokia, Flysch beltza, Sasiola, Casacampoko padurak, Deba eta zezenak eta Santa Katalinako talaia.

Beste aldean, berriz, aipatutako hamar ibilaldi horien oinarrizko informazioa dugu. Bakoitzaren deskribapen laburra, hainbat argazki, fitxa teknikoa eta bidean zehar aurkituko ditugun interesgune nagusiak.

Debara etorri, eta herrian zehar paseotxo bat emateko nahiz mendi-ibilaldi bat egiteko eskaintzen ditugun aukerak kontsultatu nahi izanez gero, zatoz turismo bulegora eta eskuratu zeure alea! Euskarri informatikoan nahiago baduzu, aldiz, egin klik hemen.

Ibilbideak eta ibilaldiak foiletuaren azala