Debako ikasleek Agenda 2030aren balioak lantzen dituen eskuorriaren diseinuan parte hartu dute

2026ko maiatzaren 12aDebako ikasleek Agenda 2030aren balioak lantzen dituen eskuorriaren diseinuan parte hartu dute

Luzaro Ikastetxeko ikasleek, Debako Udalaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntzarekin, Agenda 2030aren baitan kokatzen den sentsibilizazio-proiektu batean parte hartu dute. Ekimen honen helburua gazteen artean garapen jasangarriaren inguruko kontzientzia sustatzea izan da, ikuspegi praktiko eta sortzaile batetik abiatuta.

Proiektuaren baitan, ikasleek “garaian garaiko” kontsumoaren garrantzia landu dute, bereziki barazki eta fruten kasuan. Hausnarketaren bidez ondorioztatu dute sasoiko produktuak kontsumitzeak onura ugari dituela: freskotasun eta kalitate handiagoa eskaintzen dute, mantenugai gehiago gordetzen dituzte eta, aldi berean, ingurumen-inpaktua murrizten laguntzen dute, garraio beharrak txikiagoak direlako. 

Ikasitako eduki horiek oinarri hartuta, ikasleek eskuorri informatibo baten diseinua landu dute eta bertan urtaro bakoitzeko fruta eta barazkiak azaltzen dira. Eskuorriak euren etxeetara eramango dituzte ikasleek Helburua izan da Agenda 2030eko balioak eta kontsumo arduratsuaren garrantzia modu ulergarri eta erakargarrian herritarrengana helaraztea.

Ekimen hau Agenda 2030aren Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatuta dago, eta tokiko mailan horien ezarpena indartzeko urrats esanguratsua da.

Eskola Agenda 2030 Debabarrenean

Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, hogei urte daramatza eskualdeko udalekin elkarlanean Eskolako 2030 Agenda proiektua bultzatzen eta koordinatzen. 2030 Eskola Agenda garapen jasangarrirako hezkuntza-programa bat da, eskola-komunitateari zuzendua. Proiektuak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen- eta gizarte-jardunbide egokien eredu bihurtzea.

  • Ikasleak heztea, ingurumen- eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta konpontzeko gai izan daitezen.

  • Hezkuntza parte-hartzailea eta ingurumenarekiko errespetuzkoa bermatzea.