Debako Plaza Zaharra kontzertu eta kultur ekintzez beteko da uztailean, “Iturri Ondoan” ekimenaren edizio berriarekin

2025ko ekainaren 25aDebako Plaza Zaharra kontzertu eta kultur ekintzez beteko da uztailean, “Iturri Ondoan” ekimenaren edizio berriarekin

Aurtengoan Onintza Enbeitaren, Sustrai Colinaren eta Nerea Ibarzabalen bertsoak, “Dada ü Lala” ren antzerki absurdua, Begiradak sorkuntza herritarra edota Xiberootsen euskal reggaea izango dira eskainiko diren ekintzetako batzuk, hizkuntzarekin eta euskal kulturarekin konprometitutako programaren baitan.

Debak “Iturri Ondoan” ekimenaren edizio berri bat jasoko du uztailean, herriko plaza zaharra kontzertuz eta kulltur ekintzez betetzeko prestatutako egitarau anitz bezain aberatsarekin. Iturri Ondoan,  euskaratik eta euskaraz sortutako sormen artistikoa ardatz duen proiektua da, udan zehar aire zabaleko kulturaz gozatzeko diseinatua eta aurten ere, ohiko moduan, uztaileko ostiral guztietan ospatuko da (uztailaren 24a, osteguna izan ezik). 

“Iturri Ondoan ez da ekitaldi-programa hutsa: Debaren izaera euskalduna bizirik mantentzeko apustu sendoa da, artearen bidez hizkuntza-komunitatea indartuz. Hilabetean zehar, herritarrek euskaratik pentsatutako eta sortutako proposamen anitzez gozatzeko aukera izango dute, tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen dituztenak”, azaldu du alkateak, Alazne Txurrukak.

2025eko programazioa honako hau izango da:

  • Uztailaren 4a, ostirala, 22:00 – Bertso Saioa Espekulatiboa
    Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin, Leire Vargas gai-jartzailearen gidaritzapean. Hitz inprobisatuaren bidez beste mundu posible batzuk irudikatzeko saioa, soinu eta diseinu eszeniko zainduarekin.

  • Uztailaren 11, ostirala, 22:00 – Antzerkia: “Dada ü Lala”
    Les Bobè Bobè taldearen eskutik. Antzerki fisikoa eta umore zentzugabea, Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebarak antzeztua, Jason Guerraren zuzendaritzapean. Inkoherentzia garaiko eztanda artistikoa.

  • Uztailaren 18, ostirala, 22:00 – Begiradak
    Hamabi urteko sorkuntza komunitarioa, herritarren protagonismoarekin. Aurten, Deba eta Kanboren arteko senidetze-hitzarmenaren 25. urteurrena dela eta, Kanboko zazpi artistek parte hartuko dute, begirada eta adierazpide berriak eskainiz.

  • Uztailaren 24a, osteguna, 22:00 – Kontzertua: XIBEROOTS
    Reggae eta euskal musika tradizionalaren fusio paregabea. Xiberoots taldeak euskara, sustrai kulturalak eta lagunartean gozatzeko erritmo garaikideak uztartzen dituen proposamen musikala eskainiko du.

Debako Udalak herritarrak zein bisitariak Plaza Zaharrera bertaratzera gonbidatzen ditu, kultur gau hauez gozatzera. “Elkarrekin partekatzeko, loturak sortzeko eta garen hori sendotzeko aukera paregabea da: herri euskaldun, bizi eta euskararekin konprometitua”, amaitu du alkateak. 

KONTSULTATU PROGRAMA OSOA HEMEN