Debako Plaza Zaharrak uztailean hartuko du berriz ere ‘Iturri Ondoan’ ekimena, kontzertu eta kultur jarduerekin

2026ko ekainaren 25aDebako Plaza Zaharrak uztailean hartuko du berriz ere ‘Iturri Ondoan’ ekimena, kontzertu eta kultur jarduerekin

Aurtengoan Maialen Lujanbiok, Andoni Egañak, Nerea Elustondok eta Agin Laburuk eskainiko duten bertso saioa, “Jo!” umorezko antzerkia, Begiradak sorkuntza herritarra, euskal dantzak eta kanta zaharrak oinarri dituen Arineketan taldearen emanaldia eta ØDEIren kontzertua izango dira, besteak beste, hizkuntzarekin eta euskal kulturarekin konprometitutako programaren baitan.

Debak “Iturri Ondoan” ekimenaren edizio berri bat jasoko du uztailean, herriko plaza zaharra kontzertuz eta kulltur ekintzez betetzeko prestatutako egitarau anitz bezain aberatsarekin. Iturri Ondoan,  euskaratik eta euskaraz sortutako sormen artistikoa ardatz duen proiektua da, udan zehar aire zabaleko kulturaz gozatzeko diseinatua eta aurten ere, ohiko moduan, uztaileko ostiral guztietan ospatuko da (uztailaren 30a, osteguna izan ezik). 

“Iturri Ondoan ekimenak gure herriaren arima islatzen du: euskaratik eta euskaraz sortutako kultura bizia. Ez da ekitaldi sorta hutsa, baizik eta Debako identitate euskalduna indartzeko eta herritarrak artearen inguruan biltzeko modu bat. Udan zehar, sormen eta tradizioaren arteko uztarketa bizitzeko aukera izango dugu”, adierazi du Alazne Txurruka alkateak.

2026ko programazioa honako hau izango da:

  • Uztailaren 3a, ostirala, 22:00 – Arineketan: “ZaharrakBerri”
    Euskal kanta eta dantza zaharrak gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatzen dituen ikuskizuna. Musika, dantza eta bertsolaritza uztartuz, gure ondareari bigarren bizitza ematen dio, umorea eta sormena bidelagun. Iñar Sastre, Jagoba Astiazaran, Xabier Zeberio, Nora López, Haatik Dantza eta Oihana Iguaran bertsolaria izango dira oholtzan.

  • Uztailaren 10, ostirala, 22:00 – Bertso saioa
    Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Elustondo eta Agin Laburu bertsolariek parte hartuko dute Aimar Karrikaren gidaritzapean. Bertsolaritza bere formarik tradizionalenean eskainiko dute, a capella, hitzaren eta doinuaren indarra ardatz hartuta.

  • Uztailaren 17, ostirala, 22:00 – Begiradak
    Herriko sortzaileak protagonista dituen ikuskizun berezia. Literaturak, irudiek eta musikak bat egingo dute, herritarren parte-hartzearekin osatutako emanaldi kolektibo batean. Urtez urte erreferente bihurtu den hitzordua da, tokiko talentua eta euskarazko sorkuntza balioan jartzen dituena. 

  • Uztailaren 24, ostirla, 22:00 - Umorezko antzerkia - Jo!

Anduriña Zurutuza eta Beatriz Egizabalen eskutik, umorezko antzezlan honek aspaldiko bi lagunen arteko berriz elkartzea kontatzen du. Klown lengoaia erabiliz, adiskidetasuna, familia eta bizitzaren gorabeherak jorratzen ditu, umorea eta hausnarketa uztartuz.

  • Uztailaren 30a, osteguna, 22:00 – Kontzertua: ØDEI
    Aurtengo zikloari amaiera emango dio ØDEI artista gaztearen kontzertuak. Boom bap, trap eta drill estiloak uztartzen dituen proposamen musikalak errima zorrotzak, mezu zuzenak eta soinu zaindua ekarriko ditu Plaza Zaharrera.

Debako Udalak herritar guztiak animatzen ditu Plaza Zaharrean egingo diren kultur ekitaldietara gerturatzera. Udalaren ustez, ekimen hauek aukera bikaina dira komunitatea sendotzeko, harremanak sortzeko eta Debaren izaera euskalduna bizirik mantentzeko.