Debako saltokiek bat egin dute 'Otsailaren 11 erakusleihoak' ekimenarekin

2023ko otsailaren 3aDebako saltokiek bat egin dute 'Otsailaren 11 erakusleihoak' ekimenarekin
  • Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko eguna ospatzeko, Debako Udalak eta Elhuyarrek sustatutako 'Otsailaren 11 erakusleihoak' ekimenean parte hartuko dute Debako hainbat saltokik.
  • Otsailaren 10etik 20ra, emakume ikertzaile baten omenez apainduko dute beren erakusleihoa.

Debako Udalak eta Elhuyarrek 'Otsailaren 11 erakusleihoak' egitasmoa jarri dute martxan emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egin duten lana ezagutarazteko. Bizilabe gazteentzako zientzia- eta teknologia-ekintzak egiteko aisialdi-eskaintzaren barruan kokatzen da ekimen hau eta, guztira, Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako 218 saltokik hartuko dute parte.

Otsailaren 11n ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin batera, erakusleihoak apaindu dituzte Debako 4 saltokik. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.

Debarra da aurten ezagutaraziko diren 12 emakumeetako bat, Maddi Astigarraga Bergara ingeniari biomedikoa eta ilustratzaile zientifikoa, hain zuzen ere. Erakusleihoen ekimenaz gain, Luzaro ikastetxeko LH3tik LH6ra mailetan dauden ikasleek hainbat jarduera egingo dituzte gaiari lotuta, eta Astigarragarekin egoteko aukera ere izango dute, zuzenean ezagutu eta bere lanaz hitz egiteko.

Emakume ikertzaile horien ilustrazioak Bizilabe webgunean eskegiko dira, beren lanari buruzko informazioarekin batera; informazio horretan, ikertzaileen bizitza, ibilbidea eta aurkikuntzak biltzen dira. Aurtengo edizioan 'Otsailaren 11 erakusleihoak' ekimenean omenaldia jaso duten emakumezko zientzialariak honako hauek dira:

Mari Luz Esteban Galarza (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, 1959). Medikua eta antropologoa
Maryam Mirzajani (Teherán, Iran, 1977-2017). Matematikaria
Estibaliz Apellaniz Ingunza (Bilbo, Bizkaia, 1954). Geologoa
Emma Roca Rodríguez (Bartzelona, Katalunia, 1973-2021). Biokimikaria
Dorcas Muthoni (Nyeri, Kenya, 1979). Ingeniari informatikoa
Homira May Rezai (Jaghori, Afganistan, 1993). Medikua
Melissa Cristina Márquez Villalobos (San Juan, Puerto Rico, 1993). Itsas biologoa
Amaia Arranz Otaegui (Tolosa, Gipuzkoa, 1987). Historialaria eta arkeobotanikaria
Sally Ride (Encino, AEB, 1952-2012). NASAko fisikaria, dibulgatzailea eta astronauta
Maddi Astigarraga Bergara (Deba, Gipuzkoa, 1997). Ingeniari biomedikoa eta ilustratzaile zientifikoa
Ainara Sangroniz Agudo (Elgeta, Gipuzkoa, 1991). Kimikaria
Katalin Karikó (Szeged, Hungaria, 1955). Biokimikaria

Saltokiei dagokionez, hauek dira Deban 'Otsailaren 11 erakusleihoak ekimenean parte hartuko dutenen zerrenda: 

  • ESTILO, MODA ETA OSAGARRIAK
    IERAENEA EKODENDA, ELIKAGAI EKOLOGIKOAK
    SASOIKO EKODENDA ETA BELAR-DENDA
  • UZURI OPTIKA ETA AUDIOLOGIA