Debako sorospen zerbitzuaren lizitazioa abiarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak

2026ko martxoaren 9aDebako sorospen zerbitzuaren lizitazioa abiarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Zerbitzu hau gauzatzeko aurreikusitako aurrekontua 468.284,64 eurokoa da kontratuaren lehen bi urteetarako, hau da, 234.142,32 € urteko, eta kontratua beste bi urtez luzatzeko aukera aurreikusten da. Eskaintzak apirilaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren kontratazio publikoaren plataformaren bidez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lizitazio-prozesua ireki du Debako udalerriko Santiago eta Lapari hondartzetan zaintza, salbamendu eta sorospen zerbitzua kontratatzeko. Zerbitzu honen bidez, uda-denboraldian bainularien segurtasuna eta ongizatea bermatuko dira, lagundutako bainua eskaintzeaz gain.

Lizitazio-prozesu hau 2025eko maiatzean Debako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatutako akordio historikoaren baitan kokatzen da. Akordioaren helburu nagusia da hondartzako zerbitzuen kostua Foru Aldundiak bere gain hartzea, gastu hori Debako herritarren gain bakarrik gera ez dadin. Horrela, neurriak aringarri ekonomiko garrantzitsua ekarriko dio udalerriari. Debako alkateak, Alazne Txurrukak, azpimarratu du akordio hau Udalak udalerriarentzat finantzaketa bidezkoagoa lortzeko egindako ahaleginaren emaitza dela. Horrela, kalitatezko zerbitzuak bermatu ahal izango dira, kostua Debako herritarren gain bakarrik gera ez dadin.

Akordio honi esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko du hondartzetako zaintza, salbamendu eta bainu egokituarekin lotutako gastuen zati esanguratsu bat, baita hondartzen eta haien inguruen garbiketari dagozkion gastuak ere. Ildo horretan, 2026rako Aldundiak 197.982,38 euroko dirulaguntza emango dio Debako Udalari, itsasertzari lotutako zerbitzuak kudeatzen laguntzeko. Kopuru horretatik, 27.000 euro hondakinen kudeaketarako izango dira, eta 170.982,38 euro hondartzen kudeaketa eta mantenurako. Horrela, udalerriak babes ekonomiko garrantzitsua jasoko du, eta horri esker baliabideak beste proiektu batzuetara bideratu ahal izango dira, Debako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Halaber, akordio historiko honek Debako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa indartzen du, lurraldeko ingurune naturalen kudeaketa arduratsu eta jasangarriaren alde.

Lizitazio-oinarriak

Zerbitzua gauzatzeko lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 468.284,64 eurokoa da. Eskaintzak apirilaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira, kontratazio publikoaren plataformaren bidez.

Zerbitzu hau ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean emango da, eta Debako Santiago eta Lapari hondartzak hartuko ditu barne. Arreta-ordutegia 11:00etatik 19:00etara izango da ekainean eta irailean, eta 10:30etik 20:00etara uztailean eta abuztuan.

Kontratuak hondartzetako etengabeko zaintza, salbamendu eta sorospen zerbitzuen ematea, baita bainulariei oinarrizko osasun-arreta eskaintzea ere barne hartzen ditu. Halaber, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako bainu egokitua eskainiko da, aulki anfibioak eta egokitutako txalekoak erabiliz, erabiltzaile guztientzako irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Era berean, surf eta bodyboard eskolen jarduera kontrolatuko da, indarrean dagoen araudia betetzen dela eta jarduera horietan parte hartzen duten pertsonen segurtasuna bermatzen dela zainduz. Bestalde, hondartzetako seinaleztapena enpresa esleipendunak kudeatuko du, banderen bidez.  Gainera, megafonia-zerbitzuaren ardura izango du, eta bainulariekin etengabeko komunikazioa bermatuko du.

Zerbitzuko langileen betekizunak

Enpresa esleipendunak bermatu beharko du zerbitzura atxikitako langileek honako betekizun hauek betetzen dituztela:

  • Hondartzako burua: Gutxienez 3 urteko esperientzia hondartzako sorosle gisa, lehen sorospenetan, ur-sorospenetan eta desfibriladoreen (DEA) erabileran prestakuntza izatea.

  • Sorosleak: Ur-sorospenetan, lehen sorospenetan eta desfibriladoreen (DEA) erabileran berariazko prestakuntza izatea. Bainu egokiturako tekniketan eta lehen sorospenetan prestakuntza ere izan beharko dute.

  • Itsas-motorreko patroia:  Aisialdirako ontzien patroia izateko titulazioa eta ur-sorospenetan prestakuntza izatea. 

Era berean, zerbitzuko lan-taldeak ezarritako hizkuntza-eskakizunak bete beharko ditu, erabiltzaileei euskaraz eta gaztelaniaz arreta ematea bermatzeko.

Lizitaziorako beharrezko baldintzak eta zehaztapenak jasotzen dituzten baldintza tekniko eta administratiboen pleguak Eusko Jaurlaritzaren kontratazio publikoaren plataformaren daude eskuragarri.