Debako Udalak eta Debegesak herritarrei etxeko energia kontsumoa diagnostikatzeko tresnak jarriko dizkiete eskura

2026ko urtarrilaren 9aDebako Udalak eta Debegesak herritarrei etxeko energia kontsumoa diagnostikatzeko tresnak jarriko dizkiete eskura

Maletatxoak sei tresna ditu, energia kontsumoa neurtzeko, aire-ihesak identifikatzeko eta etxeko elektrizitatezko tresnen eraginkortasuna hobetzeko eta horiek erabiltzeko ez da beharrezkoa ezagutza teknikorik izatea. Interesdunek herritarren arreta bulegoan eska dezakete maletatxoa eta 14 egunez eduki ahal izango dute maileguan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, “Energia Argituz” kanpainaren bidez, etxebizitzetan energia eraginkortasunarekin lotutako neurketa sinpleak egiteko maletatxoak eskaintzen ditu. Ekimen hori oinarri hartuta, Udalak eta Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, zerbitzu berri bat jarri du herritarren eskura: norberaren etxebizitzako energia diagnostiko sinplifikatuak egiteko maletatxoak. 

Maletatxoak sei tresna praktiko ditu, etxebizitzan energia eraginkortasunari buruzko neurketak egiteko. Tresnen artean aire-ihesen detektagailua, termometroa eta higrometroa, erradiadoreen purgagailua, entxuferako elektrizitatearen kontsumoaren neurgailua, hozkailurako termometroa eta uraren emaria neurtzeko kronometroa daude.

Erremintak erraz erabiltzekoak dira eta ez dute ezagutza teknikorik eskatzen; beraz, interesdun pertsona orok erabili ahal izango ditu, pausoz pauso, erraminta bakoitzaren jarraibideak azaltzen dira eta.

Gainera, maletatxoarekin batera galdetegi bat dator. Galdetegiak etxebizitzako ezaugarrien inguruko galderak ditu: argiteria, berogailua  eta ur bero sanitarioa, inguratzailea, instalatutako ekipoa, kontratua eta energia berriztagarriak. Emaitzak bai edo ez markatzeko laukitxoak ditu. Erantzunen arabera, fakturan aurrezteko  neurri erraz batzuk gomendatzen ditu

Nola eskuratu maletatxoa?

Maletatxoa herritarren arreta bulegoan eskuratu ahal izango da eta 14 egunez maileguan eduki ahal izango da. Horretarako ezinbesteko baldintzak dira: 

  • Maletatxoaren eta erraminten erabilera arduratsua egitea.

  • Identifikazio dokumentuaren fotokopia aurkeztea.

  • Baldintzak onartzen diren dokumentua sinatzea.

Informazio gehiago edo zalantzak argitzeko, gerturatu herritarren arreta bulegora edo jarri harremanetan telefonoz 943 82 01 10 zenbakira edo posta elektroniko bidez agenda2030@debegesa.eus helbidera.