Debako Udalak gazte artista bisual berriak sustatzeko 2026ko sariaren deialdia zabaldu du

2026ko otsailaren 17aDebako Udalak gazte artista bisual berriak sustatzeko 2026ko sariaren deialdia zabaldu du

Euskal artista garaikide berrien sustapena eta zabalkundea errazteko helburuarekin, Debako Udalak 4.000 euroko saria eskainiko du aurten ere. Izena emateko epea apirilaren 30a bitarte egongo da zabalik. Inskripzioak erregistro bidez bakarrik egingo dira, elektronikoa www.deba.eus webgunean, edo aurrez aurrekoa udaletxeko harrera zerbItzuan 09:00-14:00, astelehenetik ostiralera.

Debako Udalak, Debako artisten kolektiboarekin elkarlanean, gazte artista bisual berriak sustatzeko 2026ko sariaren deialdia zabaldu du. Euskal artista garaikideek dituzten azterlanak jendaurrean erakusteko zailtasunak eta finantzaketa-iturri urria ikusita, Udalak laguntza hori emateko ekimena martxan jarri du beste urte batez.

Lehiaketaren helburua da gazte artista berrien sustapena eta zabalkundea erraztea, eta horretarako, Debako Santa Maria elizako klaustroan erakusketa bat antolatuko da. Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Herrian jaio edo bizi diren 35 urtetik beherako artistek (zazpi probintziak barne). Parte-hartzaileek banaka edo gehienez lau kideko taldeetan aurkez ditzakete beren proiektuak.

Eskaera-prozesua

Interesdunek eskabideak www.deba.eus webgunean erregistro bidez edo aurrez aurre udaletxeko harrera zerbitzuan egin ahal izango dituzte. Eskabidean proiektuaren deskribapen zehatza, obren irudiak (15 irudi banakako proposamenetarako eta 20 taldeentzako), eta artistaren edo kolektiboaren curriculuma biltzen dituen dossierra erantsi beharko da. Izen ematea apirilaren 30a bitarte egongo da zabalik.

Epaimahaiak hainbat irizpideren arabera baloratuko ditu proposamenak, hala nola artistaren adina, eskatutako arlo artistikoan izandako prestakuntza eta esperientzia, proiektuaren kalitatea eta originaltasuna, eta euskararen ezagutza.

Saria eta erakusketa

Lehiaketaren irabazleak 4.000 euroko saria jasoko du eta bere obra Debako Santa Maria klaustroan erakusteko aukera izango du, ekainaren amaieratik uztailaren amaierara arte, abuztuaren amaierara arte luzatzeko aukerarekin.

Informazio gehiago eskuratzeko  kultura@deba.eus helbidera idatzi.