Debako Udalak herriko balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa abiarazi du

2018ko apirilaren 20aDebako Udalak herriko balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa abiarazi du

Debako eta Itziarko ingurumen-kalitatea eta itxura hobetzeko asmoz eta herrigune ederragoak lortzeko helburuarekin, balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du Udalak. Parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du aurrez.

Udalerriko balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa jarri du martxan Udalak. Ekimenaren helburua da, herritarren parte-hartzearen bidez, Debako eta Itziarko ingurumen-kalitatea eta itxura hobetzea. Bide batez, landareei eta loreei duten garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortu eta herritarren artean landareak zaintzeko ohitura zabaltzea ere bilatzen du egitasmoak.

Parte hartu nahi duten debarrek izena eman beharko dute, eta horretarako bi bide izango dituzte:

  • Apirilaren 24tik maiatzaren 15era, turismo bulegoan.

  • Apirilaren 24an, Foruen plazan izango den FurgoBaratzan (10:00-13:00).

Etxebizitza bakoitzeko lore bakarra banatuko da, amaitu arte. Lorea jasotzeko edota lehiaketan izena emateko nahitaezkoa da inprimakia beteta entregatzea.

Lehiaketa honen bitartez, balkoi edo leiho dotoreena sarituko da; horretarako, landare edo lore biziak erabiliko dira apaingarri gisa, eta epaimahaiak horiek kaletik ikusteko aukera izan beharko du.

Epaimahaia Kimu Bat enpresako eta Udaleko ordezkari banak osatuko dute, eta uztailean ikusiko dituzte balkoietan eta leihoetan jarritako lore eta landareak; horien artean apainketa ederrenak saritu ahal izateko. Baloratuko diren irizpideen artean, konposizioaren originaltasuna eta sormena, apainketaren kalitatea, harmonia, diseinua eta konplexutasuna daude.

Sariei dagokienez, hauek bi motatakoak izango dira:

  • Herrikoak: 150 euroko bi bono Debalai elkarteko saltokietan gastatzeko.

  • Eskualdekoa: 200 euroko bonoa, irabazlearen herriko saltoki elkartuetan gastatzeko.

Epaimahaiaren erabakia uztailean jakinaraziko da, eta sari banaketa ere hilabete horretan egingo da. Parte-hartzaileei aurretik noiz eta non ospatuko den abisatuko zaie.

Informazio gehiagorako, ikusi lehiaketaren oinarriak.